Itxi

kultura

Martxoak 6-9

'Medea'ren bertsio berri bat, Dferiaren berritasunen artean

Agentziak | Erredakzioa

Dantza eta antzerkiko donostiar azokaren hogeita hirugarren edizioa martxoaren 6tik 9ra egingo dute.

“Medea”, Pilar Tavorak Seneka eta Euripidesen tragedien inguruan eginiko bertsio berria, martxoan estreinatuko dute Dferian, Donostiako XXIII. antzerki azokan. Gainera, Estela Medina uruguaitar aktoreak Margarita Xirguren inguruan egindako bakarrizketaren mundu mailako estreinaldia egingo du bertan.

Martxoaren 6tik 9ra iraungo duen jaialdiaren arduradunek prentsaurrekoa egin dute gaur, programazioaren aurrerapen bat egiteko, eta hiriak egun horietan hogeita hamar ikuskizun hartuko dituela azaldu dute.

Martxoaren 9an, Tanttaka Teatroa konpainiak “Soka” Mikel Gurreak eskola jazarpenaren inguruan idatziriko lana aurkeztuko du, gaztelaniaz (euskaraz otsailean estreinatuko dute). Antzerkigintza Berriak Donostia 2016ren programan aukeratutako lan hau Fernando  Bernuesek zuzenduko du.

Victoria Eugeniak “A corps perdu” Escene National Baionako espazioarekin batera ekoitziriko “zirku berriko” ikuskizuna estreinatuko du jaialdian, Mugalariak Donostia 2016ren proiektuaren barruan sorturikoa.

Miren Azkarate Donostiako Kultura zinegotziak prentsaurrekoan esan du hainbat jatorritako konpainiarentzako “erakusleihoa” dela Dferia, eta azaldu du iaz, azoka bukatu eta sei hilera, bertatik pasatutako ikuskizunen 240 emanaldi saldu zituztela konpainiek, guztira 1.215.000 euro mugitu zituzten operazioetan.