Itxi

kultura

Antzerkia

Dferia, nazioarteko merkatuetara zabalik

Agentziak | Erredakzioa

Arte Eszenikoen Donostiako jaialdiak hogeita hamar bat ikuskizun eskainiko ditu martxoaren 6tik 9ra.

  • "Hariak" ikuskizuna taularatuko dute, besteak beste, martxoaren 6tik 9ra egingo duten jaialdian

    "Hariak" ikuskizuna taularatuko dute, besteak beste, martxoaren 6tik 9ra egingo duten jaialdian

Dferia Arte Eszenikoen Donostiako jaialdiak hogeita hamar ikuskizun eskainiko ditu bere hurrengo edizioan, eta merkatu berriei zabalduko dizkie ateak, euskal sorkuntzak bultzatzeko. Bitartekariak erakarriko ditu, euskal sektorea Estatu mailako eta nazioarteko programatzaileekin harremanetan jartzeko.

Martxoaren 6tik 9ra ospatuko dute jaialdiaren hogeita hirugarren edizioa, eta dantza eta antzerkia izango dira nagusi, baina zirku ikuskizun bitarako eta musikal baterako tartea ere egongo da.

Aurten, “Dferia Abroad” proiektua estreinatuko dute, eta, berorren bidez, euskal konpainiak Costa Ricako San Joseko Arteen Nazioarteko Jaialdira eramango dituzte ekainean, baita, abuztuan, Montevideoko Verdi aretoan antolatu duten “euskal eszenaren asteburura” ere.

Gaur aurkeztu dituzte kartel osoa eta aurtengo berritasunak, Donostian eginiko prentsaurreko batean, Donostia Kulturako, Eusko Jaurlaritzako, Gipuzkoako Aldundiko, Etxepare Institutuko, Tabakalerako, Kutxako eta SGAEko orezkariek.

Donostiako Antzoki Zaharrean hauek ikusi ahalko dira: “Tiempo” Teatre de Guerrilla talde katalanaren lana; “The Primitals” Yllanak eta Primitals Brosek sorturiko komedia musikala; eta “Tejidos al tiempo”, Chono Cía Flamencaren eskutik.

Antzerki horretan bertan ikusi ahalko da “Coordenadas” Olatz Gorrotxategik idatzi eta Donostia 2016ko Dramaturgia Berriak programak aukeratutako lana, Arriaga antzokian dagoeneko estreinatutakoa.

Victoria Eugenia Donostiako antzokian, bestalde, “Soka” Mikel Gurreak eskola jazarpenari buruz egindako antzezlanaren gaztelaniazko bertsioa taularatuko dute. Fernando Bernuesek zuzentzen duen antzezlan hori ere Dramaturgia Berriak programan aukeratu zuten.

Halaber, “A corps perus” Bivouac frantziak konpainiaren zirku ikuskizuna eta “Los malditos” ere programatuko dituzte antzoki horretan.

Bestalde, Victoria Eugeniako bertako Club aretora, Gasteszenara, Intxaurrondora, Tabakalerara, eta 2016 Espaziora ere helduko da Dferia, eta dantza ikusi ahalko da bertan, besteak beste Cielo Raso, Lasala, Ertza eta Kukai konpainien eskutik.