Itxi

kultura

Ikerketa

BCBL, kultura orokorrak zer ezagupen bildu behar dituen zehaztu nahian

Agentziak | Erredakzioa

Jon Andoni Duñabeitia Basque Center on Cognition, Brain and Languageko ikertzailea buru dela, ikerketa bat egiten ari dira kultura orokor unibertsalaren definizio bateratua lortzeko.

  • Basque Center on Cognition, Brain and Language zentroak egin du ikerketa

    Basque Center on Cognition, Brain and Language zentroak egin du ikerketa

Jon Andoni Duñabeitia Basque Center on Cognition, Brain and Language Donostiako zentroko ikertzaileak gidatuta, kultura orokorra zer den eta zein ezaguera bildu behar dituen zehazteko ikerketa bat egiten ari dira, eta, bide horretan, mito okerrak argitara atera dituen galdetegi bat sortu dute.

Ikerketarako prestatu duten galdetegiaren emaitzak Frontiers in Psychology aldizkarian kaleratu berri dituzte: 300 bat unibertsitate ikaslek erantzundako 132 galdera dira, zailtasun maila ezberdinetakoak eta AEBn eginiko antzeko bi ikerlanetatik ateratakoak.

Galderei erantzun ez ezik, ikasleek galdera bakoitzaren zailtasun maila zehaztu behar zuten ere, 1etik 7rako mailaketan.

Balioztapen subjektibo honek agerian utzi du parte-hartzaileek herri sineskera batzuk egiatzat hartzeko duten joera eta, gisa berean, uste baino ezaguera txikiagoa dutela gai hauei buruz.

Hitler, Erreformako burua

Parte-hartzaile gehienek “oso erraztzat” jo zuten Australiako hiriburuari buruzko galdera bat, baina guztion % 28k soilik asmatu zuten Canberra zela. Unibertsitate ikasleen % 43k Sydney zela erantzun zuten.

Lurreko ozeano handiena zein zen galdetuta, % 49k asmatu zuten Barea zela, baina % 46k erantzun okerra eman zuten, Atlantikoa zen ustean.

Beste galdera batzuen erantzun zuzena ikerketan parte hartu dutenetako oso gutxik eman dute, hala nola Alemanian Erreforma nork hasi zuen galdetzen zienarena. Ikasleen % 6k soilik asmatu zuen Martin Luther izan zela , eta % 27k Adolf Hitler izan zela ihardetsi zuten.

“Kultura orokor unibertsala”

Kultura orokorra neurtzeko test honetarako erabili duten galdetegia Nelson eta Narens adituek AEBn 1980ko hamarkadan sorturiko 300 galderako sortaren (Psikologiaren arloan memoriaren gaineko ikerketak egiteko gehien erabilitakoa da) gaztelaniazko itzulpena izan da.

Ikertzaileen esanetan, BCBLk eginiko ikerketaren eta AEBn galdera berekin egindakoen arteko korrelazio maila oso altua da, eta bi ikerketetan parte hartu duten ikasleek oso erantzun antzekoak eman dituzte.

“Hortaz, pentsa dezakegu kultura orokorraren kontzeptuan zerbait ‘unibertsala’ dagoela”, azaldu du Duñabeitia ikerketaren arduradunak.

Duñabeitiaren lantaldea Sapientia Project nazioarte mailako proiektu handian parte hartzen ari da, hainbat herrialdetan ikerketak eginez kultura orokor unibertsalaren definizio komuna ezartzeko.