Itxi

kultura

Elkarrizketa

Patxo Telleria: 'Gaztetako gure musika da gure aberria'

Natxo Velez | eitb.eus

Patxo Telleriak eta Mikel Martinezek Euskal Herriko ondare musikalaren errepaso “ironiko, absurdo eta dibertigarria” egiten dute bere ikuskizun berrian. Arriagan estreinatuko dute.

  • Loraldia jaialdiaren barruan estreinatuko dute lana. Argazkia: Guillermo Casas.

    Loraldia jaialdiaren barruan estreinatuko dute lana. Argazkia: Guillermo Casas.

Patxo Telleriak idatzitako testu batean oinarrituta, Telleriak berak eta Mikel Martinezek "euskal musikaren benetako istorioa" kontatuko dute gaurdanik, han-hor-hemen, agertoki gainean hiru musikari lagun hartuta.

Jokin Oregik zuzendutako lana martxoaren 7an eta 8an taularatuko dute, 11:00etan eta 20:00etan, Arriaga Bilboko antzokian, Loraldia euskal kulturaren jaialdia abiatzeko, eta Patxo Telleriak berorren inguruko zertzelada batzuk eman dizkigu berarekin izandako solasaldian.

Ez Dok Amairu-tik Ez Dok Hiru-ra egin duzue… Zer dago izen horren atzean?

Ez Dok Hiru izena Patxo Telleria eta Mikel Martinez bikotearen zigilua da; hitz jokoa da, noski, eta matematikoki gezurtaezina da: bi gara gu, ez hiru.

Ikuskizun berri honi izenburu bat eman behar genionean, aproposena geure izena bera zela ikusi genuen, Ez Dok Amairurekin duen loturagatik.

ez dok hiru guillermo casas

Argazkia: Guillermo Casas

Izenburuarekin jarraituta, "Euskal musikaren benetako istorioa" taularatuko duzuela esaten duzue. Benetakotasuna "Historiarekin" eta fikzioa "Istorio(ar)ekin" lotuta egon ohi da, baina. Zenbat dauka historiatik eta zenbat istoriotik zuen lanak?

Historia da neurri batean, euskal musikaren ondarea erabili dugulako eszenetarako material gisa: kantak benetakoak dira, eta gure historiaren, gure memoria historiko emozionalaren, parte dira.

Eta beste neurri handi batean "istorioak" dira, guk material horrekin umorea egiten dugulako, eta, beraz, errealitatea distortsionatu, irauli eta absurdo bilakatzen dugu.

Euskal Herriko "imajinario musikala" errepasatzen duzue zuen lanean. Zer estilo eta garai sartzen dira horren barruan?

Muga bakarra kanta errotuta egotea da: gure memorian iltzaturik geratu diren kantak erabiltzen ditugu. Zaku horretan, herri kanta guztiak sartzen dira, baita joan den mendeko 60ko hamarkadatik hona musikariek sortu dituzten hainbat eta hainbat kanta ere.

Akaso berrienak, azken hamarkadakoak, ez dira agertzen, oraindik denbora pixka bat behar dutelako erroak egiteko.

Adrián García de los Ojos, Maria Arriaga eta Ivan Allue musikariekin batera taularatzen zarete. Nola uztartu dituzue musika piezak gidoian?

Musika eta testuak uztartzeko, modu asko erabili ditugu. Kontuan izan ikuskizun hau autonomia daukaten eszena soltez, esketxez, osatzen dela, gure zigiluaren aurreko besteak bezala: "Lingua Nabajorum", "Euskarazetamol", "Euskara sencilloaren manifestua"…

Eszena bakoitzean, musika interpretazioren eta umorearen tratamendu desberdina erabili dugu. Batzuk oso kantatuak dira, beste batzuetan testua da nagusi eta instrumentazio musikala hornidura soila da…

ez dok hiru pio ortiz de pinedo

Argazkia: Pío Ortiz de Pinedo

Musikak euskal kulturan berebiziko pisua izan zuen garaiak gogoratuko dituzue ikuskizunean, Ez Dok Amairuren denbora esaterako. Zelan ikusten duzue euskal musikak gaur egungo gure bizitzetan duen pisua? Nola aldatu da?

Uf! Galdera zaila! Arlo honetan ikertzaile aditua ez naizen aldetik, ezin erantzun objektiborik eman, eta neure subjektibitatetik erantzun behar dut.

Nire inpresioa (subjektiboa, jakina) da Ez Dok Amairuren garaian sekulako indarra hartu zuela euskal musikak, eta euskal kulturak oro har berebiziko pizkundea ezagutu zuela. Dena den, ni garai hartan adoleszentea nintzen, eta, denok dakigun bezala, bizitzaren garai horretan musika modu oso indartsuan bizitzen da; seguru asko, gaur eguneko nerabeak gaurko musikarekin identifikatuko dira.

Nik esango nuke gure aberria gure gaztetako musika dela.

Ez Dok Hiruk Loraldia euskarazko kulturaren Bilboko jaialdia zabalduko du. Zer ekarri dio hiriari, zuen ustez, aurten hirugarrenez egingo duten jaialdi horrek?

Loraldia errotzen ari da, eta oso azkar, gainera. Berebiziko ekimen kulturala da, eta nik esango nuke urtetik urtera hazi eta poztasun handiak emango dizkigula, instituzioek ez badute bertan behera uzten (bekatu larria izango litzateke).

 

 

iv>

 

  • © EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa

    #-ent_adh_conf_online-#