Itxi

kultura

Nafarroa

Vianako Printzea saria jaso dute Lainez eta Martinez dantzariek

Agentziak | Erredakzioa

Saria jaso ostean, diziplina artistiko horretako "betiko arazoek" hor jarraitzen dutela ziurtatu du Lainezek, finantziazioari aipamen eginez.

1:58

Uxue Barkos Nafarroako presidenteak Kulturaren Vianako Printzea 2017ko saria eman die larunbat honetan Jose Lainez eta Concja Martinez dantzariei. Azken hamarkadetan bi koreografoek egindako lana goraipatu du Barkosek, eta aitzindariak direla esan du. Halaber, Nafarroako dantza gaur egun ezagutzen dugun moduan ulertzeko haien ideiak ezinbestekoak izan direla gaineratu du.

Saridunez gain, Nafarroako Gobernuko kontseilariak, Foru Komunitateko agintariak, buruzagi politikoak eta Nafarroako Kultura Batzordeko ordezkariak ere izan dira Erriberriko Errege eta Erreginen Jauregiaren patioan egindako ekitaldian. Bertan, bi koreografoek dantzarekiko duten maitasuna eta taldean lan egiteko duten gaitasuna nabarmendu du Nafarroako presidenteak.

Jose Lainez  Concha Martinez Uxue Barkos Viana Printzea saria

“Lehen aldiz dantza saritu da. Hamarkadetan zehar taldean lan egin duen bikote baten lana aitortu da, eta, lehen aldiz ere, emakume eta gizon bat saritu dira”, azpimarratu du Uxue Barkosek.

Nafarroako presidentearen esanetan, Lainez eta Martinez “berritzaileak” izan dira, eta urteetan zehar egindako lanarekin Nafarroako historiaren parte bilakatu dira. Ildo horretatik, dantzaren abangoardia Nafarroara eramatea lortu dutela esan du, eta Foru Komunitatean zein atzerrian ere ibili diren dantzariei irakatsi dietela azaldu du.

Saria jaso ostean, diziplina artistiko horretako betiko arazoek hor jarraitzen dutela ziurtatu du Lainezek, finantziazioari aipamen eginez. Gauzak horrela, dantzari bultzada eman eta aurrera egin ahal izateko Nafarroan dantza zirkuitu bat sortzeko proposamena egin du.

Gaur egun Nafarroan dauden dantzarien kopuruari eta kalitateari dagokienez, dantzak une gozoa bizi duela esan du Lainezek. Hala, proposatutako dantza zirkuitu horri esker dantzariek lan egin, dirua lortu eta familia bat izateko aukera izango luketela nabarmendu du.

Halaber, Nafarroako dantzariei diru-laguntzak eta bekak emango baliezaiekete, ez lukete izango nazioarteko beste herrialdeetara alde egiteko premiarik izango, eta hala egitea erabakiko balute, haien ametsa betetzeko izango litzateke.