Itxi

kultura

Arriaga Antzokia

'Priscilla, Reina del desierto' musikala Bilbora helduko da, Aste Nagusian

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Ikuskizunak 33 saio eskainiko ditu abuztuaren 16tik irailaren 10era, Madrilen eta Bartzelonan arrakasta handia izan eta gero.

"Priscilla, Reina del desierto" musikala Bilboko Arriaga Antzokira helduko da Aste Nagusian, eta 33 saio eskainiko ditu abuztuaren 16tik irailaren 10era.

Ikuskizuna astearte honetan aurkeztu dute Gonzalo Perez eta Jose Maria Camara SOM Produce ekoiztetxeko bazkideek.

Izen bereko filmak bezala, musikalak hiru ‘drag queen’-en abenturak izango du ardatz. Hiru protagonistek Australiako basamortua zeharkatuko dute, autobus batean, zoriontasun bila.

Ikuskizunean, 90eko hamarkadako izar nagusietakoen abestiak kantatuko dituzte:Madonna, Tina Turner, Supertramp, Gloria Gaynor, Village People, Donna Summer…

Lanak 3 milioi euroko aurrekontua izan du, eta 40 artista baino gehiago taularatuko ditu. 500 jantzi, 200 ileorde, 150 zapata erabiliko dituzte. Gainera, 9 musikarik zuzenean joko dute, eta autobus robotizatu batek ere hartuko du parte.

Madrilen bi denboraldi eskaini ditu (2014tik 2016ra), eta 400.000 ikus-entzule baino gehiago izan ditu. Bartzelonan, 100.000 pertsonak ikusi zuten sei hilabetean.

Sarrerak salgai daude jada, 12-59 euro artean.