Itxi

kultura

Arte eszenikoak

Kukai gailurrera eraman dute Max sariek

Agentziak | Erredakzioa

Jon Mayaren konpainiak hiru sari eskuratu ditu 'Oskara' lanagatik, tartean dantza ikuskizunik onenarena.

1:23

Uzta oparoa jaso du Euskal Herriko eszenak XX. Max sarietan, eta goren-gorenean kokatu da Kukai dantza taldea, hiru sari eskuratu baititu, tartean dantza ikuskizunik onenarena.

Zazpi izendapen zituen Jon Mayak zuzentzen duen taldearen 'Oskara' ikuskizunak, eta azkenean hiru etxeratu ditu. Izan da, ordea, saria jaso duen beste euskal ordezkaririk ere. Alfredo Sanzol zuzendari iruindarrak antzerki egilerik onenaren golardoa eskuratu du 'La Respiración' lanagatik. Jokin Oregi buru duen Marie de Jongh konpainia bilbotarrari haur ikuskizunik onenaren Max saria eman diote. Azkenik, Ainhoa Santamaria aktore gasteiztarrak antzeztaldeko emakumezko antzezle onenaren saria eskuratu du 'La Estupidez' lanean egindako paperagatik.

Valentziako Arts Reina Sofia jauregian banatu dituzte sariok, eta ozen entzun dira euskararen eta adierazpen askatasunaren aldeko aldarriak.

Kukairen 'Oskara' ikuskizunak hiru Max sari jaso ditu: Jantzien diseinurik onenarena (Iraia Oiatzabal), Dantza talderik onenarena (Jon Maya, Eneko Gil, Martxel Rodriguez, Ibon Huarte, Urko Mitxelena, Alain Maya eta Jonatan Lopez) eta Dantza ikuskizunik onenarena.

Saria jasotzean, duela 80 urte izandako Gernikako bonbardaketa izan du gogoan Jon Maya dantzari eta Kukairen zuzendariak. Horren hitzetan, "herri oso bati egindako bonbardaketa izan zen hura, eta zoritxarrez, egunero gertatzen dira Gernikakoaren modukoak". Mayak nabarmendu duenez, "gure hizkuntzaren alde altxatu ziren horiei esker egin ahal izan dugu gaur egun 'Oskara', eta dantza egiteko deia egin du. Izan ere, horren aburuz, "dantzatzen duen herria ez da inoiz hilko". "Izan dantzari, bizi dantzari, dantzatzen ez duen herria ez da inoiz hilko! Gora herria!", gaineratu du.

Bestalde, Eneko Gil Kukai konpainiako dantzariak azken aldian boikota jasan duten euskal aktoreekin partekatu du saria: "Sagar honen zati bat Miren Gaztañagari, Itziar Ituñori eta Gontzon Sanchezi eskaini nahi diegu, adierazpen askatasunaren alde. Boikot nazkagarririk ez, ez dugu merezi eta. Jarrai dezagun dantzan!".

JOKIN OREGI MARIEDEJONGH MAX SARIAK EFE

Jokin Oregi (Marie de Jongh konpainia), saria jasotzen. EFE