Itxi

kultura

Antzerkia

Ximun Fuchs: '’Francoren bilobari gutuna’k egin du bere lana'

Natxo Velez | eitb.eus

Artedrama, Le Petit Theatre de Pain eta Dejabu Panpin Laborategia konpainiek elkarlanean ekoitzitako antzezlan arrakastatsuaren azken emanaldia egingo dute larunbatean, Ondarroan.

"Francoren bilobari gutuna" antzezlanaren bidea helmugara heldu da. Larunbatean, hilak 17, taularatuko dute azkenekoz, Ondarroan, Unai Iturriagak eta Igor Elortzak idatzi eta Ximun Fuchsek zuzendutako lana Ander Lipus, Patricia Urrutia, Manex Fuchs, Zoila Berastegi,  Urko R. Pescador, Erika Olaizola eta Pako Revueltas aktoreek.

2016ko urrian Luhuson estreinatutako antzezlanak arrakasta handia lortu du han-hor-hemen, frankismoaren ondoren eta berorren ondorioz "gaitzak jota dagoen komunitate baten hezurren eta gezurren erradiografia traumatologikoa" eginez, areketako, bide bazterretako, gorpuak bezala isilpean lurperatuta utzitako minak azaleratuz.

Izan ere, izugarrikerien transmisioa eta frankismoaren oroimena eta herentzia dira "Francoren bilobari gutuna" lanaren ardatzak, Euskal Herri osoko antzokiak bete dituzten 14.000 lagunek baino gehiagok dagoeneko bertatik bertara ikusi duten bezala.

Ximun Fuchs zuzendariarekin hitz egin dugu, lanari agur esateko egunaren bezperan.

Larunbatean, azken emanaldia egingo duzue Ondarroan. Zer sentipen izaten du sortzaileak ia urtebetez bidaide izan duen lana bukatutzat emateko egunaren bezperan?

Sentimendu kontrajarriak dira. Beti izaten da pena pixka bat ibilbidearen amaieran, noski, baina pozik ere bagaude, orain arteko lana bukatuta bide berriak ikusten ditugulako aurrean.

Gainera, "Francoren bilobari gutuna"ren aurrean, ezberdina da sentimendua, neurri batean, uste dugulako obra honek egin duela bere lana, jendeak bere egin baitu. Jada ez da gurea, jendearena da orain. Guk transmititzeko zeregina hartu dugu geure gain, baina publikoarena da jada, eta horrek asko pozten gaitu.

Orain, elkarlanean eginiko beste bi lanekin egin dugun bezala, antzezlanaren grabazio bat Sarean jarriko dugu, denon eskura eta urririk.

francoren bilobari gutuna guillaume mezia

Argazkia: Guillaume Mezia

Zein izan da, zure ustez, "Francoren bilobari gutuna" lanaren arrakastaren giltza?

Zoritxarrez, ez dakit giltzarria zein izan ote den, bestela etengabe errepikatuko nuke formula. Nik uste dut hiru faktore batu direla oraingoan: herri antzerkia egin dugula, molde garaikidea eman diogula eta gai minberatsu bati heldu diogula.

Jendeak bere egin du hori, horien arrangurekin bat egin dugulako, baina ez dakigu oso ondo zergatik. Zortea ere izango da tartean.

Gainera, azpimarratuko nuke Euskal Herri osoarentzat eginiko apustua izan dela, ez dela izan erkidego bati edo lurralde bati begira egindako lana, baizik eta Euskal Herri osotik Euskal Herri osora begira sorturikoa.

Antzezlanak publikoarengan zer ernatu duela uste duzu?

Bada, guk galderak mahai gainean pausatzen ditugu, ez dugu erantzunik ematen. Eta kontuz ibili hitz handien bidez erantzun biribilak ematen dituzten artistekin! Hartu mesfidantzaz! Hainbat tokitan atzamarra sartzea da gure egitekoa.

Bestalde, antzerkigintzaren ikuspegitik, esango nuke eredu bat sortu dugula, lanerako molde bat proposatu dugula. Estetika eta ekonomia propioarekin, erakutsi dugu posible dela Euskal Herrian egindako antzezlan bat bizirik eta arrakastatsu ibiltzea urtebetez.

Frankismoaren garaiko istorioek interesa pizten jarraitzen dute ("Francoren bilobari gutuna" bera edo "Ehiztariaren isilaldia" eleberria dira horren adibide, berbarako), baina, oro har, isilaldi luzea izan da frankismoaren izugarrikerien transmisioan. Zer ondorio izan du horrek egungo euskal gizartean?

Frankismoa ez da soilik garai bateko sarraskia, etnozidio saiakera, bat izan. Frankismoak agerpen asko izan ditu, eta horren aztarnak bizirik dira egun ere. Munduan izan diren beste sarraski askorekin erkatu dugu antzezlana prestatzeko orduan, hobeto ulertzeko.

sautrela-francoren-bilobari-gutuna_

Legeek, halaber, zer gertatu zen ezkutatu dute, eta, euskaldunon ikuspegitik, ulertu behar dugu kanpotik idatzi dutela Euskal Herriaren historia.

Dena dela, guk ere badugu zer esan, nire irudiko, askotan herri kolonizatu gisa pentsatzen baitugu guk geuk. Zertan dira euskal zinema, antzerkia dantza? Zer baliabide dituzte?

Euskal kulturak herri ekimenei esker eutsi dio, baina arte edo kultura bat eraikitzeko dugu oraindik. Ia-ia ez dago euskarazko film edo antzezlanik ikusteko aukerarik, eskaintza osoaren % 2 edo 3 dira, frantsesezko edo gaztelaniazkoen aldean. Nire ustez, harreman zuzena dago sortzen dugun kultura eskaintzaren eta kulturari ematen diogun garrantziaren artean. Horren isla zuzena da.

Lan hau bukatutakoan, zertan murgilduko zara?

Sei edo zazpi ideia ditut bueltaka, baina noiz eta nola garatuko ditudan erabakitzea falta zait. Lehenik eta behin, Ondarroako emanaldiarekin, ate batzuk itxiko ditut lehenago, gero beste batzuk zabaltzeko.

 

 

iv>

 

  • © EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa

    #-ent_adh_conf_online-#