Itxi

kultura

ZAHARBERRITZE LANAK

Gasteizko Katedral Zaharrak espazio berriak irekiko ditu publikoarentzat

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Aste batzuk barru portikoaren atariko aterpearen barnean beirazko espazio bat ipintzeko lanak bukatuta egongo dira.

  • Espazio berria urte amaieran irekiko da publikoarentzat. Argazkia: EiTB

    Espazio berria urte amaieran irekiko da publikoarentzat. Argazkia: EiTB

Santa Maria katedralak urte amaieran espazio berriak irekiko ditu portikoaren atariko aterpean. Espainiako Sustapen Ministerioak oso-osorik finantzatu ditu lanak, 778.380 euroko inbertsioa eginez.

Antonio Agilar Espainiako Sustapen Ministerioko Arkitektura, Etxebizitza eta Lurzoruaren zuzendari nagusiak, berriztapen lanak bisitatu ditu gaur Javier de Andres Espainiako Gobernuak Euskadin duen ordezkariarekin, Igone Martinez de Luna Euskara, Kultura eta Kirol foru diputatuarekin eta Jon Lasa Santa Maria Katedralaren Fundazioaren zuzendari-kudeatzailearekin.

Santa Maria katedrala zaharberritzeko proiektua kultura ondarea berreskuratzeko erreferente da nazioartean, Agilarren esanetan, eta, Rajoyren Gobernuak “balio historiko, artistiko eta arkitektoniko oso handia” duen monumentu honekin duen konpromisoa azpimarratu du.

Estatuko Gobernuaren Ordezkaritzak jakitera eman duenez, aste batzuk barru bukatuko dira atariko aterpean beirazko espazio bat ipintzeko lanak. Katedralaren iparraldeko fatxadaren ondoan dauden aldapen bidez iristen da bertara.

Espainiako Sustapen Ministerioak obrak 2015eko irailean lizitatu ostean, atariko aterpea eta barne espazioa zaharberritzeko lanak, 2016ko uztailean hasi ziren, eta 15 hilabeteko epea ezarri zuten horiek egiteko.

Zaharberritze lanak aurreko mendearen bukaera aldera abiatu zirenetik, Rajoyren Gobernuak 4,4 milioi euro inbertitu ditu Santa Maria katedralean.