Itxi

kultura

Heriotza

Johnny Hallyday, 'Elvis frantziarra', zendu da

agentziak | erredakzioa

Beti alderatu izan dute Frantzian Johnny Hallyday Elvis Presleyrekin. Izan ere, Elvisen 'Louving you' abestiak bultzatu zuen abeslari izatera eta kontzertuak ematera.

  • 74 urte zituela hil da musikaria, minbiziak jota. Argazkia: EFE

Johnny Hallyday, Frantziako rock and rollaren aitatzat jotzen duten musikaria, hil da bart Parisen, 74 urterekin, berorrek jakitera eman zuen minbizi batek jota.

Heriotza astearte gauean izan zen, Marnes-la-Coquetten duen etxean, Parisko mendebaldean. Etxe horretara joan aurretik sei egun eman zituen hiriburu frantziarreko klinika batean, Laeticia musikariaren emazteak zabaldutako ohar baten arabera.

Jean-Philippe Leo Smet -hori zen bere benetako izena- Parisen jaio zen, orduan okupatuta zegoen Frantzian, 1943an. Huguette Clerc modeloaren eta Leon Smet artista belgiarraren semea izan zen. Londresen urte  batzuk eman zituen bere izekoarekin eta osabarekin, azken hori ere artista izan zen, eta horrengandik hartu zuen abizen artistikoa.

'Elvis frantziarra' izenez ezagututa, Frantzian Elvis Presleyrekin alderatu izan dute beti. Izan ere, Elvisen 'Louving you' abestiak bultzatu zuen abeslari izatera eta kontzertuak ematera.

Nahiz eta hasieran begirada harrigarria zuen gaztearen alde inork ez egin, 1960an 'Hello Johnny' bere lehen albuma plazaratu zuen.

Urte bat geroago heldu zen arrakasta, 'Let's Twist Again' abestiaren bertsio frantziarrarekin, 'Viens danser le twist' izenarekin. Abesti horrekin, urrezko diskoa lortu zuen.

Ordutik, oso ezaguna egin zen rock and rollen abesti klasikoak bere erara abesten. '60ko hamarkadaren amaieran, hainbat album atera zituen, besteak beste, 'Jeune Homme', 'Riviere', 'Ouvre ton Lit y Vie'.

Hallydayk 50 urte baino gehiago eman ditu artisten munduan. Denbora tarte horretan 900 abesti baino gehiago abestu ditu, eta izar handia izan da. Estudioan grabatutako 46 disko, zuzeneko 25 eta zortzi film egin ditu; 100 milioi diskotik gora saldu du, eta platinozko 18 disko erdietsi.