Itxi

kultura

Solasaldia

Pirritx, Porrotx eta Marimotots, 30 urte euskal kulturaren plazetan

B. Fernandez

Durango (eitb.eus)

Pirritxek, Porrotxek eta Marimototsek 30 urte bete dituzte aurten. Sormenaren Lurraldean bildu dira hirurak, sudurgorriek Aiorari, Joxe Mariri eta Mertxeri erakutsi dienez aritzeko.

Haurrez lepo bete da Durangoko Azokako Areto Nagusia, Pirritx, Porrotx eta Marimotots ikusteko irrikaz. Argiak piztutakoan, baina, Aiora, Joxe Mari eta Mertxe agertu dira oholtzan, 30 urteko ibilbide ederrak emandakoaren inguruan hausnarketa egiteko gogoz.

Lasarte-Orian eman zituzten pailazoen oin handiek lehen urratsak. Joxe Mari Agirretxeren esanetan, "Euskara taldearen barruan, euskara kalera ateratzeko helburua genuen. Esketx tradizionala egiten hasi ginen, Manolo Urbietaren kantuak eta kantu herrikoiak abestuz, beste hizkuntza batzuetakoak itzuliz’. Esketx horiek aise asetzen zituzten orduko helburuak. "Abentura luzatu ahala, pailazoak eredu zirela konturatu ginen. 'Katxiporreta!' eta 'Kutxi Kutxi Marilutxi' esan eta haurrek errepikatu egiten zuten. Orduan konturatu ginen: sudur gorriaren atzetik hainbat balore landu daitezke".

Pailazoek transmititzen zituzten ideiek haurrengan eta familiengan zuten eragina kontuan izanda, munduan isilarazten ziren gaien inguruan lau haizetara kantatzen hasi ziren Pirritx, Porrotx eta Marimotots.

Pirritx Porrotx Marimotots Durangoko Azoka 2017

Hasteko, baserriaren mundua ezagutzera eman zuten Euskal Herriko hiri eta herri handietan barrena, Amona Josefinaren pertsonaiarekin. Urte batzuk geroago, Afrikako haur langileen egoera salatu zuten, Tider pertsonaiaz baliatuz, ‘Patata, patata!’ ikuskizunean. ‘Maite Zaitut’ekin, ijitoen eta euskaldunen kulturen artean zubi lanak egin zituzten. 2017an, ostera, Mari Mototsi mototsak erori zitzaizkion, haurrei minbiziaren gaia erakusteko.

Ordura arte umeentzako arrotzak ziren gai horiek guztiak Mertxe Rodriguezek gorpuztu zituen. Izan ere, Mertxe da Amona Josefina, Teresa Markesa, Poxpolin Marisorgin, Tider, Marimotots… Pertsonaien atzean Mertxe Rodriguez Serrano dago, Cacerestik Lasarte-Oriara etorritako familia batetako alaba. Honela azaltzen du Mertxek umetan gertatutakoa: "Euskararekin izan nuen lehen harremana 6. mailan izan zen, 12 urterekin. Inbidiaz begiratzen nituen euskaldunak ziren gelakideak". Institutua bukatuta, euskaltegian izena eman zuen Mertxek, parrandetan lagunak egiteko. Urte gutxiren bueltan Pirritxekin eta Porrotxekin egin zuen topo, eta beraiekin lan egiteko gonbidapena egin zioten. Baiezkoa emanda, buruko mina zen Mertxerentzat euskara. "Gau batean, euskaraz amestu nuen. Gertatutako hark nire bizitza erabat aldatu zuen".

Umorea eta euskara, pailazoen bizipoza

30 urtean, umorearen indarraz hausnartzeko parada izan dute Pirritxek, Porrotxek eta Marimototsek. "Guretzat, hasieran, umorea txistea zen, esketxa, barre algara. Egun, umorea egunerokotasunean, bizitzan, esnatzen garenetik lokartzen garenera arte daukagun mundua ikusteko modua da. Begirada positiboa eta eraikitzailea". adierazi du Agirretxek.

Pirritx Porrotx Marimotots Durangoko Azoka 2017

Umore ona familiei transmititzeko, baina, pailazoentzat beharrezkoa izan da euskara. Agirretxeren esanetan, "euskaraz jaio ginen eta hor sentitzen gara eroso, baina guretzat euskara ez da hizkuntza bat bakarrik, balioreak transmititzeko bitarteko ederra da. Txikiak garelako, gure hizkuntza eta gure herria txikiak direlako, errazago enpatizatzen dugulako, gu bezala, txikiak direnekin. Baita, izokinak bezala, korrontearen kontra saltoka gorantz egin behar dutenekin ere. Guzti hau laburbiltzeko, zoriontsuak garela esan nahi dut, Euskal Herrian bizi garelako eta gure herri honek ekarpen handia egiten diolako mundu konplikatu honi".

Euskaldunon historia, hirukotearen erronka berria

‘Lur eta Amets, Euskal Herriaren Historia’ ekimenaren baitan, proiektu handi batean murgilduko dira Pirritx, Porrotx eta Marimotots. "Gezurra badirudi ere, oztopo asko ditugu historia geuretik kontatzeko", esan du Aiora Zulaikak. Gaiaren inguruko liburuxkak eta mahai-jolasak badauden arren, ur handiagoetan murgilduko dira pailazoak eta, Zulaikak aurreratu duenez, bi urte barru argia ikusiko duen film luze bat egitera ausartu dira.