Itxi

kultura

Elkarrizketa

Garbi Losada: '‘Dublindarrak’ gizatasunaz mintzo da, eta horrek unibertsal egiten du'

Natxo Velez | eitb.eus

Arriaga Antzokian estreinatu eta gero, Ados Teatroa konpainiak “Dublindarrak” James Joyceren lanean oinarritutako antzezlana Euskal Herriko agertokietara eramango du asteburu honetatik hasita.

  • Garbi Losada zuzendaria, aktore taldeak inguratuta

    Garbi Losada zuzendaria, aktore taldeak inguratuta

Espazioa eta denbora erlatiboak dira, eta gerta daiteke James Joycek (Dublin, 1882 – Zurich, 1941) 1907an argitaratutako liburu bat gaur egun garenaz mintzatzea, mende bat lehenago ere testu batek "gizakiok behin eta berriz ditugun gatazka sotilak, hala nola familia, maitasuna edo heriotza" hizpide hartzea.

Unibertsaltasun hori jasotzen du Dublindarrak Joyceren lanak, Garbi Losadaren eta Jose Antonio Vitoriaren aburuz, eta horregatik erabaki dute XX. mende hasierako Dublinen kokatutako lanaren azken kontakizuna, "Hilak", antzezlan bihurtzea.

Oraintsu Arriaga antzokian estreinatu eta gero, hurrengo egunetan Barakaldon (urtarrilak 27), Hondarribian (urtarrilak 28), Donostian (otsailak 17), Iruñean (otsailak 22) eta Gasteizen (martxoak 22) ikusi ahalko da "Dublindarrak".

Asier Hormaza, Naiara Arnedo, Lierni Fresnedo, Iñake Irastorza, Klara Mendizabal eta Isidoro Fernandez aktoreak zuzentzen, Garbi Losada aritzen da antzezlan honetan, eta berarekin hitz egin dugu.

dublindarrak

"Hilak" Dublindarrak lanean agertzen den ipuina Literatura Unibertsaleko kontakizun onenetakoa dela esan duzue. Zergatik? Zein ezaugarrik ematen diote maila hori, zure ustez?

James Joyce XX. mendeko idazlerik onenetarikoa dugu, ezbairik gabe, eta "Hilak" kontakizunak, gure ustez, maisulan bilakatzen duen faktore asko biltzen ditu: garai hartako gizarte burgesaren isla izateaz gain, hiltzear den Irlanda eta jaiotzear den beste Irlanda baten arteko talka erakusten digun artean, gizakiaz mintzo zaigu, gizakiok behin eta berriz ditugun gatazka sotilez; familiaz, maitasunaz, ezkontzaz, heriotzaz… Bizitzaz, oro har.

Aldi berean, duela mende bat Irlandan kokaturiko istorio hau egungo gizarteaz ere mintzo zaigu, egungo gizakiok, gure txikitasunean, behin eta berriro bizitzen ditugun gai eternalez. Joyce, azken finean, gizakiaren gizatasunaz mintzo da, eta horrek, gure ustez, une eta leku konkretu batean jazotakoa unibertsal egiten du, klasiko bilakatuz.

Zeri zor zaio horrelako lan baten antzerkirako egokitzapenik ia ez egotea, orduan?

Ez da erraza hain modu sotil eta aldi berean sakonean idatziriko lan baten moldaketa bat egitea. Joyce maisua dugu horretan.

Baina testu oro moldagarri den ustean, egile eskubideengatik delakoan gaude; izan ere, duela bi urte egin zuten publiko Joyceren obra, eta ia seguru gaude hori dela arrazoi nagusia.

Zuek zeri begiratzen diozue lan bat moldagarria ote den ebazteko? Zer ikusi zenioten testu honi?

Testuak hautatzeko orduan, gure hautua emozionala izaten da. Istorioak ukitzen eta hunkitzen bagaitu, aurrera egiten dugu, eta istorio honek bete-betean hunkitu gintuen.

John Hustonek esan bezala, Joycek bizitzako hainbat gertakariri aurre egitera behartzen gaitu Dublindarrak ipuin bilduman, maitasunari, ezkontzari eta heriotzari esaterako, eta kontakizun gutxik dute gaitasun misteriotsu hori.

John Hustonek, hain zuzen, zinemarako egokitzapen bat egin zuen. Berrikusi egin duzue pelikula, zuen moldaketa prozesuan? Zer deritzozue?

Bai, jakina, John Huston beste maisu bat dela uste baitugu. Baina ez gatzaizkio filmari bakarrik lotu, ipuin bildumako beste kontakizun batzuetako hainbat egoera eta pertsonaia ere sartu ditugu, istorioa aberastu eta biribiltzeko.

Huston fidela izan zitzaion Joyceren kontakizunari, baita gu ere, baina guk ordena aldaketa batzuk egin ditugu, antzerkirako egokiago iruditu zaizkigunak, eta zenbait kasutan gatazkak azaleratu ditugu, dinamismoaren eta dramaren faboretan, baina Joyceren espiritua bere horretan mantenduz.

Dublindarrak kartela

Euskarazko testurako, Irene Aldasorok eginiko itzulpena erabili duzue? Nolako mintzaira entzungo dugu antzokietan?

Euskararen tratamenduari dagokionez, askatasunez egin dugu lan. Guretzat, garrantzitsua izan da hizkuntza poetiko eta eder bat bilatzea, ikuslearentzat erraza eta zuzena izango dena.

Bi faktore horiek kontuan hartuta, euskara ederra entzungo da oholtza gainean, aldi berean, entzule gehienen belarrietara modu ulerkor eta erraz batean iritsiko dena.

Zer toki beteko du musikak antzezlanean?

Jatorrizko testuan bezala, antzezlanean ere oso presente egongo da musika. Zuzenean kantatzeaz gain, hainbat pertsonaia musikariak dira eta musikaz mintzatuko dira, euren bizitzaz… Hori guztia kontuan hartuta, musika ezinbesteko elementua dugu gure lanean, musikaren inguruan ereindako trama izango baita.

Antzokitik irtendakoan, ikuslearen buruan zer ideia ibiltzea gustatuko litzaizuke?

Ideia asko ageri dira antzezlanean, baina batez ere gizakion bizitzaz mintzo da, eta antzokitik irtendakoan ikusleak bere bizitzari buruzko hausnarketa egitea gustatuko litzaiguke. Benetan inporta duenaz eta inporta ez duenaz pentsatzea nahiko genuke…

Hori bai, Joycek hain ongi egiten zuen bezala, umorearen bitartez egin dezala, tristurarik ilunena irribarre samurrez jantziz.