Itxi

kultura

Azaroan

Baliteke MTVren kontzertu handia San Mamesen izatea

radio euskadi | Erredakzioa

Oraindik baieztatzeke dago MTV European Awardsen galaren kontzertu nagusia Bilboko futbol zelai handian egin ahal izango duten, 53.000 ikusleren aurrean.

  • Green Day, European MTV Awardsen galetako batean. Argazkia: MTV

San Mames estadioak MTVren kontzertu handia har lezake azaroaren 3an, musika kateak Europan egingo duen gala handiaren bezperan. Hala balitz, 53.000 ikusle egongo lirateke nazioarteko musika izarrak ikusten.

Horretarako, Bizkaiko Foru Aldundia Espainiako Futbol Federazioarekin harremanetan jarri da, Athleticen partiduen egutegia aldatzerik legokeen jakiteko, azaroaren 3an, eta, hortaz, bi partida jarraian etxetik kanpo jokatuta, MTVren kontzertu handia San Mamesen egin ahal izateko.

Oraindik ez dago erabakirik hartuta, hurrengo denboraldiko partiduen egutegia uztailean ezagutuko baita, zozketa bidez. Gainera, uztaila bitartean, hauteskundeak egingo dituzte Federazioan.

Aldundiak eta Athletic San Mames Barria dela eta egin zuten akordioaren arabera, foru erakundeak urtean birritan erabil dezake estadioa. Athletic prest agertu da, momentuz, musika emanaldi handi hori San Mamesen egiteko. Oraindik, baina, ez dago zehaztuta zein musika taldek joko lukeen.

MTV European Music Awardsen 25. Edizioa munduko musika ekitaldi nagusienetakoa da, eta Bilbok hartuko du azaroaren 4an, BECen. Sari banaketaren galarekin batera, kateak kontzertu handi bat egin ohi du hautatutako hirian.