Itxi

Oscarrak 2024

Aldarrikapen sozialak

Arrazismoa eta klima aldaketa hizpide, Oscarren galan

Agentziak | Erredakzioa

Oscarren aurtengo galan hitzetik hortzera ibili dira gizarte gaiak: film irabazleko kazetaritza zorrotz eta ausartaren aldeko mezuak, eta arraza dibertsitatearen aldekoak, besteak beste.

Aurtengo izendatuen artean arraza dibertsitaterik ez izatearen kontrako kritikak eta klima aldaketaren arriskuei buruzko ohartarazpenak izan dira Oscarren 88. galako protagonistak, film onenaren saria "Spotlight"ek, kazetaritza ikerketa goratzen duen film batek, eraman duen ekitaldian.

Chris Rock galaren aurkezleak hasieratik bertatik hartu du hizpide gaia, aurten izendatuen artean arraza dibertsitaterik egon ez izana gogor kritikatuz.

Horrela, zeremonia osoan zehar, aktore beltzak erakusten zituzten film txatal komikoak txertatu dituzte film izendatuen irudietan, egoera polemikoari barre egiteko.

?Aukera berdinak nahi ditugu, besterik ez?, esan du Rockek. Sarkasmoa eta txantxa erabiliz, gutxiengoentzako aukera gabeziari irri egin dio.

Galaren hasieran, aurkezpenean, Rockek ?jende zuriaren sariak? esaera erabili du Oscarrei deitzeko, eta barre algarak eragin ditu bertan publiko gisa bildutakoen artean. Izan ere, aurten ez da aktore beltzik egon izendatuen zerrendan.

Bestalde, Alejandro Gonzalez Iñarrituk ere arrazakeria aipatu du, bigarren urtez jarraian zuzendari onenaren Oscar saria jasotzean (John Ford eta Joseph L. Mankiewicz zuzendariek soilik zuten ohore hori bart arte) egindako esker oneko hitzetan: ?Zenbait pertsonak ez dute entzuten, azalaren kolorea besterik ez dutelako ikusten. Aurreiritzi horiek baztertu behar ditugu, eta azalaren kolorea ilearen luze-laburra bezain datu ezdeusa izatea lortu?.

Zeremonia hasi aurretik, hamaika gizon-emakumek dibertsitate faltaren aurkako protesta egin dute Dolby antzokiaren inguruan, Al Sharpton apaiza buru zela.

Klima aldaketa

Leonardo DiCapriok, ?The Revenant? filmean egindako lanari esker gizonezko aktore onenaren saria irabazi eta gero, klima aldaketaren arriskuen berri emateko baliatu du hitzaldia.

Aktoreak ingurumena zaintzeko lanean ari den fundazio bat zuzentzen du, Nazio Batuen Erakundeko Bake mezularia da, eta 2015ean, inoizko urterik beroenean, ?The Revenant? filmatzeko  planetaren hego muturrera joan behar izan dutela azaldu du, ?elurra aurkitzeko?.

?Klima aldaketa benetakoa da. Orain ari da gertatzen. Gure izatearen aurkako mehatxu larriena da, eta batera egin behar dugu lan?, esan du aktoreak.

  • Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
  • Oscar 2024