Itxi

Oscarrak 2024

89. edizioa

'La La Land'ek izarrak ukitu ditu, Oscarretarako 14 izendapen lortuta

N.V. | eitb.eus

Zinematografia Arte eta Zientzien Hollywoodeko Akademiak otsailaren 26ko gauean AEBko zinemaren sari gorenak irabazteko lehiatuko diren film eta profesionalen zerrenda iragarri du.

"La La Land" Damien Chazellek Los Angeles hiriari eta ameslariei idatzitako maitasun kantuak orain arte “Den-dena Evari buruz” (1950) eta “Titanic” (1997) pelikulek soilik erdietsi duten izendapen kopurua lortu du, hamalau. “La La Land”ek Mia aktore izan nahi duen gaztearen (Emma Stone) eta Sebastian jazz musikari saiatuaren (Ryan Gosling) arteko harremana du ardatz: Los Angelesen ezagutuko dute elkar, bakoitza bere ametsa errealitate bihurtzeko borroka betean dela.

Chazelleren filma atal hauetan dago izendatuta: argazkilaritza, gizonezko aktore nagusia (Ryan Gosling), soinu edizioa, soinu nahasketa, ekoizpen diseinua, jantziak, soinu banda, jatorrizko kantua (bi, “Audition” eta “City of stars”), jatorrizko gidoia, editatzea, emakumezko aktore nagusia (Emma Stone), zuzendaria (Damien Chazelle) eta filma.

Bestalde, aurtengo Oscarretarako izendapen gehien dituzten pelikulen zerrendan, “Arrival” (Denis Villeneuve) eta “Moonlight” daude "La La Land"en atzetik, zortzina dituztela. Haien atzetik, seina izendapenekin, “Manchester by the sea”, “Lion” eta “Hacksaw ageri dira.

Hollywoodeko Akademiak otsailaren 26an Los Angelesen, Oscar sarien 89. edizioaren galan, lehiatuko diren film eta profesionalen zerrenda iragarri du gaur. Horren arabera, film onenaren sarirako hautagaiak bederatzi film hauek izango dira: “La La Land”, “Moonlight”, “Manchester by the sea”, “Arrival”, “Fences”, “Hidden figures”, “Lion”, “Hell or high water” eta “Hacksaw ridge”.

Mel Gibsonek (“Hacksaw ridge”) aurren izango ditu, zuzendari onenaren Oscar saria irabazteko borrokan Denis Villeneuve (“Arrival”), Kenneth Lonergan (“Machester by the sea”), Barry Jenkins (“Moonlight”) eta Damien Chazelle (“La La Land”).

Emakumezko aktore onenaren sarirako hautagaiak Isabelle Huppert (“Elle”), Ruth Negga (“Loving”), Natalie Portman (“Jackie”), Emma Stone (“La La Land”) eta Meryl Streep (“Florence Foster Jenkins”) izango dira, eta, bigarren mailako aktoreen atalean,  Viola Davis (“Fences”), Naomi Harris (“Moonlight”), Nicole Kidman (“Lion”), Octavia Spencer (“Hidden figures”) eta Michelle Williams (“Manchester by the sea”).

Gizonezko aktoreen aldetik, izendatuak hauek izango dira: Casey Affleck (“Manchester by the sea”), Andrew Garfield (“Hacksaw ridge”), Ryan Gosling ("La La Land"), Viggo Mortensen ("Captain fantastic") eta Denzel Washington ("Fences"). Bigarren mailako aktoreen atalean, berriz, hauek dira hautagaiak:  Mahershala Ali ("Moonlight"), Jeff Bridges (“Hell or high water”), Lucas Hedges ("Manchester by the sea"), Dev Patel ("Lion") eta Michael Shannon ("Nocturnal animals").