Itxi

Zinema

Veneziako Mostra

'A pigeon sat on a branch reflecting on existence' nagusi Venezian

Erredakzioa

Urrezko Lehoia Roy Andersson zuzendari suediarraren filmarentzat izan da. Bestalde, zuzendari onenaren Zilarrezko Lehoia Andrei Konchalovsky errusiarrak irabazi du.

  • Roy Andersson Urrezko Lehoia irabazi duen filmaren zuzendaria. Argazkia: EFE

    Roy Andersson Urrezko Lehoia irabazi duen filmaren zuzendaria. Argazkia: EFE

Roy Andersson zuzendari suediarraren A pigeon sat on a branch reflecting on existence filmak irabazi du Veneziako 71. Mostrako film onenaren Urrezko Lehoia. Alejandro Gonzalez Iñarrituren Birdman filma, berriz, esku hutsik gelditu da sariren bat irabazteko hautagaietako bat bazen ere. Epaimahaiak Hungry Hearts filmeko Adam Driver eta Alba Rohrwacher aktoreak ere saritu ditu, eta horientzat izan dira gizonezko aktore onenaren eta emakumezko aktore onenaren sariak.

Andersson zuzendariak inspirazio iturri izan dituen zuzendari italiarrei eskaini die saria, bereziki, Vitorio de Sica zinegileari. A pigeon sat on a branch reflecting on existence filma trilogia baten hirugarren atala da. Azken filmean, giza portaera zentzugabeari buruzko eguneroko 39 eszena erakusten dira bata bestearen segidan.

Zuzendari onenaren Zilarrezko Lehoia Andrei Konchalovski zinegile errusiarrari eman diote, The Postman's White Nights filmean egindako lanagatik. Filma benetako ikerketa batean oinarrituta dago, eta profesionalak ez diren aktoreak dira filmeko protagonistak. Errusiako landa eremuko herri bateko bizitza islatzen du. Aleksei Triapitsyn postaria da, eta bera da Kenozero lakuko biztanleentzat kanpoko munduarekin duten kontaktu bakarra.

The look of silence Indonesiako genozidioari buruzko dokumentalak bi sari irabazi ditu: Epaimahaiaren Sari Nagusia eta Nazioarteko Kritikaren FIPRESCI Saria.

Aktoreen alorrean, epaimahaiak Hungry Hearts filmeko Adam Driver eta Alba Rohrwacher aktoreak saritu ditu. Guraso izatear dagoen bikote baten bizitza du oinarri aipaturiko filmak. Amak zeloak ditu haurraren zainketa dela eta, gaiarekin obsesionatzera iristeraino. Bere bikotekidea egoera ulertzen saiatuko da hasiera batean, baina azkenean neurriak hartzea erabakiko du.

Bestalde, Rakhshan Banietemad irandarrak irabazi du Gidoi Onenaren Saria Tales lanagatik. Gaur egungo Iranen kokatzen da istorioa, eta filmean "ikusezinak" diren pertsonai batzuen historiak gurutzatzen ira.

Kaan Mujdeci zinegile turkiarraren Sivas filmari eman diote, berriz, Epaimahaiaren Sari Berezia. Zinegilearen estreinako filma da, eta bertan haur eta txakur baten arteko laguntasuna kontatzen da.

Azkenik, Le dernier coup de marteau filmeko protagonistari, Alix Delaporte aktoreari eman diote aktore berri onenaren Marcello Mastroianni Saria.

Veneziako 71. Mostrako irabazleak

Film Oonenaren Urrezko Lehoia: A pigeon sat on a branch reflecting on existence (Zuzendaria: Roy Andersson).

Zuzendari onenaren Zilarrezko Lehoia: Andrei Konchalovsky (The Postman's White Nights).

Epaimahaiaren Sari Nagusia: The look of silence (Zuzendaria: Joshua Oppenheimer).

Epaimahaiaren Sari Berezia: Sivas (Zuzendaria: Kaan Müjdeci).

Gizonezko aktore onenaren Volpi Kopa: Adam Driver (Hungry Hearts).

Emakumezko aktore onenaren Volpi Kopa: Alba Rohrwacher (Hungry Hearts).

Aktore berri onenaren Marcello Mastroianni Saria: Romain Paul (Le dernier coup de marteau)

Gidoilari Onenaren Saria: Rakhsan Banietemad eta Farid Mostafavi (Tales).