Itxi

Zinema

Zinebi

Hirokazu Kore-eda zinemagileak Ohorezko Mikeldia jaso du

Erredakzioa

Bilboko jaialdiaren ohorezko lehen saria Cecilia Rothek jaso zuen. Kore-edaren "filmetako konpromiso humanista eta egungo zinemagintzan duen esanahi pertsonala eta garrantzitsua" aitortu nahi dute.

Zinebi Bilboko Zine Dokumental eta Film Laburren Jaialdiak aurtengo edizioko bigarren Ohorezko Mikeldia eman dio Hirokazu Kore-eda zinemagile eta gidoigile japoniarrari gaur, azaroaren 19an. Bere filmografiaren originaltasuna aintzatetsi nahi izan du Zinebik, "bere filmek inspiratzen duten konpromiso humanista eta egungo zinemagintzan duen esanahi pertsonala eta garrantzitsua aitortzeko".

Saria emateko ekitaldia Guggenheim Bilbao Museoaren auditoriumean izan da, Kore-edaren Halako aita, halako semea (2013) film luzea proiektatu aurretik. Zinebik Cecilia Roth aktore argentinarrari eman zion aurtengo beste Ohorezko Mikeldia, inaugurazio ekitaldian, azaroaren 14an.

Zinebiko arduradunek jakinarazi dutenez, Hirokazu Kore-eda (Tokio, 1962) zinema garaikideko zinemagile handienetakoa da aditu guztien iritziz. Bere lanak "poesia ukitu sakona duten gogoeta sakon eta iradokigarriak” dira nazioarteko ikus-entzuleentzat, “edozein denboratan eta lekutan giza esperientziaren funtsezko zenbait elementuri buruzkoak, hala nola familia, norbanakoaren eta taldearen oroimena, heriotza, dolua eta galeraren sentimendua”.

Zinebiren 56. edizioak ziklo bat eskaini dio zinemagile japoniarrari, eta bere lehenengo dokumentaletako batzuk daude ikusgai, hala nola Txahal baten ikasgaiak (1991), Japoniarra izan nahi nuen (1992) edo Abuztua bera gabe. Kore-edaren beste lan batzuk ere proiektatuko dira, besteak beste, Hala ere (1991) eta Memoriarik gabe (1996).