Itxi

Zinema

Zazpi izendapen

‘Transformers’ nagusi, Razzie sarien izendapenetan

Erredakzioa

Michael Bayk zuzendutako lanak jaso ditu izendapen gehien ‘antioscarretan’, zinema munduan urtean izan den txarrena ‘goraipatzen’ duten sarietan.

"Transformers: Age of Extinction (Transformers 4)" Michael Bayk zuzendutako sagaren laugarren atalak jaso ditu beste edozein pelikulak baino izendapen gehiago Razzietan, antioscarretan, urteak zinemagintzan eman duen txarrena aukeratzen duten sarietan.

Ohikoa denez, Hollwyoodeko Zinema Arte eta Zientzien Akademiak Oscarretarako izendapenak iragartzeko bezperan, Razzie sarien arduradunek 2014an estreinatutako filmetako txarrenak izateko aukeratutakoen zerrenda iragarri dute.

“Transformers: Age of Extinction (Transformers 4)” da aurtengo faboritoa: Michael Bayk zuzendutako lanak mila milioi dolar baino gehiago bildu ditu zinema aretoetako txarteldegietan, eta zazpi izendapen jaso ditu Razzien uztan: filmik txarrena, zuzendaririk txarrena (Bay), gidoirik txarrena, sekuelarik txarrena, bigarren mailako emakumezko aktore txarrena (Nicola Peltz) eta bigarren mailako gizonezko aktorerik txarrena (Kelsey Grammer).

Izendatutakoen artean, Cameron Diaz eta Seth MacFarlane zuzendaria ere badaude, besteak beste.

Gainera, aurtengo edizioan atal berri bat sortuko dute: erospen saria. Golardi horrek Razzie saria jaso eta gero beste lan batzuekin beren ibilbideari buelta eman diotenen lana goraipatu nahi du. Razzie horretarako, hauek izendatu dituzte: Jennifer Aniston (“Cake”); Ben Affleck (“Argo” eta “Gone Girl”; Mike Myers (“Supermensch: The Legend of Shep Gordon”); Kristen Stewart (“Camp X-Ray”); eta Keanu Reeves (“John Wick”).

Golden Raspberry sariak John Wilson zinema kritikariak sortu zituen, 1981ean, eta otsailaren 21ean egingo dute gala batean banatuko dituzte, Oscar sariak emateko ekitaldiaren bezperan.