Itxi

Zinema

Erakunde arteko proiektua

Ikusmira Berriak egitasmoak ikus-entzunezko proiektuak sustatuko ditu

Erredakzioa

Tabakalerak, Zinemaldiak, Donostia 2016k, Donostia Kulturak eta Euskadiko Filmategiak berrikuntza eta esperimentazioa bilatzen duten ikus-entzunezko lanei laguntzeko proiektua aurkeztu dute.

  • Egitasmoan parte hartzen duten erakundeetako ordezkariak, aurkezpenean.

    Egitasmoan parte hartzen duten erakundeetako ordezkariak, aurkezpenean.

Ikusmira Berriak lengoaia zinematografikoan edo ekoizpen moduetan berrikuntza eta esperimentazioa bilatzen duten ikus-entzunezko lanei laguntza emateko ekimena da. Erakunde arteko kolaborazioaren ondorio da programa, Tabakalera Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroak, Donostia Zinemaldiak, Donostia 2016 Europako Kultur Hiriburuak, Donostia Kulturak eta Euskadiko Filmategia Fundazioak sustatu baitute.

Ekimenaren helburu nagusia "ikus-entzunezko sorkuntzari bultzada ematea da", José Luis Rebordinos Donostia Zinemaldiko zuzendariak eta Pablo Berasategi Donostia 2016 Europako Kultur Hiriburuko zuzendariak prentsaurrekoan adierazi dutenez.

Programa hiru ardatzen inguruan antolatu dute: trebakuntza, ekoizpena eta erakusketa. Lurraldean errotuta dauden nazio zein nazioarte mailako hiru jaialdi eta ekimenetan jartzen du arreta: Kimuak film laburren hautaketa; Laboren urteroko emanaldiak (Clermont-Ferrand Zinemaldiko film labur esperimentalen saila); eta Zinema Ikasleen Nazioarteko Topaketa -EIECINE-, urtero Zinemaldiaren baitan izaten dena. Gainera, Euskadiko zinemagile eta ikus-entzunezko proiektu berritzaileetara iristeko asmoa ere badu.

Abiaburu gisa, Ikusmira Berriak ekimenak apirilaren 1era arte indarrean egongo den deialdi bat zabaldu du, aipaturiko egitasmoetan parte hartzen duten zinemagileei eta Euskal Autonomia Erkidegoko zinemagileei zuzendua. Proiektuak aurkezteko deialdi honen bitartez, multzo horietako bakoitzetik bat hautatuko da, lau astetako egonaldi batean lana garatu ahal izateko. Egonaldi horiek, Tabakaleraren instalazioetan egingo dira.

Hautatutako proiektuak euskal ekoizpen etxeek (indartze bidean daudenak, zein jada finkatutakoak) koproduzituko dituzte. Era berean, ikus-entzunezko industriako euskal enpresa batek proiektuen postprodukziorako laguntza eskaintzea ere aurreikusita dago. Ekimen honen emaitza gisa sortzen diren lanak Donostia Zinemaldiko sailen batean erakutsiko dira.