Itxi

Zinema

Bafta

'Boyhood' Linklaterren proiektua Bafta sarietan koskortu da

Erredakzioa

Richard Linklaterren pelikula poetikoak, bizi epopeiak, Britainiar Zinema eta Telebista Akademiaren 3 sari irabazi ditu. Aktore onenen sariak Eddie Redmaynek eta Julianne Moorek erdietsi dituzte.

01:27

“Boyhood” estatubatuar filma Bafta sarien 68. edizioko izarra izan da bart. Bost ataletan izendatuta zegoen, eta hiru sari eraman ditu.

“Boyhood” Richard Linklaterrek idatzi eta zuzendu duen lana denboraren joanaren kontakizuna da: familiarteko harremanei, haurtzarotik nerabezarora eta bertatik heldutasunera egiten den iraganaldiari begiratzen dio. Bart, film onenaren, zuzendari onenaren eta antzeztaldeko emakumezko aktore onenaren (Patricia Arquette) sariak eman dizkiote Bafta sarietan.

Bafta sariek zinemagintzako ikerlan berritzailearen merituak aitortu dituzte; izan ere, hamabi urtean zehar grabatu dute lana, 2002tik 2013ra, tarte laburretan. Hartara, ikus-entzuleek pertsonaia nagusiaren eta haren ingurukoen benetako eboluzioa ikusten du filmak aurrera egin ahala.

Londreseko West Enden, Royal Opera House ospetsuan, banatu dituzte Erresuma Batuko zinemaren sariak, bertan, besteak beste, Tom Cruise, Michael Keaton, Benedict Cumerbatch, Keira Knightley eta Stephen Hawking zeudela.

Urteko beste lan handienetako batek, “Birdman” Alejandro Gonzalez Iñarrituren pelikulak, sari bakarra irabazi du. “Amores perros”en zuzendariaren lanak argazkilaritza onenaren saria soilik eraman du, nahiz eta hamar ataletan zen hautagai.

“Boyhood”i, film onenaren saria ez ezik, zuzendari onenarena ere eman diote. Linklater Wes Andorsoni (“The grand Budapest hotel”), Damien Chazelleri (“Whiplash”) eta James Marshi (“The theory of everything”) gailendu zaie, Iñarrituri ez ezik.

Aktorerik onenak, Redmayne eta Julianne Moore

Eddie Redmanynek, alfonbra gorrian oihu gehien entzun zituenetako batek, jaso du gizonezko aktore nagusi onenaren golardoa, eta, emakumezkoei dagokienez, Julianne Moore izan da irabazlea, “Still Alice”n egiten duen paperagatik.

Ingelesez egindakoa ez den film onenaren saria Goyetan film europar onenaren aintzatespena eraman zuen lanarentzat izan da, “Ida” Pawel Pawlikowski poloniarraren lanarentzat. “Leviathan” errusiarra zen faborito atal horretan, baina ez du irabazi.

Gaueko une gorenetako bat galaren hasieran etorri zen: Stephen Hawkingek efektu berezi onenen saria eman zuen Felicity Jones aktoreak lagunduta.