Itxi

Zinema

Frantzia

'Timbuktu' filma Cesar sarietan gailendu da, 7 golardo eskuratuta

Erredakzioa

Thomas Cailleyek zuzendutako Les Cobattants lanak, berriz, hiru sari eskuratu ditu: opera prima onena, gizonezko aktore berri onena eta emakumezko aktore onena.

  • 'Timbuktu' filmak zazpi Cesar sari lotu ditu 40. edizioan. Argazkia: EFE

Abderrahmane Sissako zinemagile frantses-mauritaniarra Frantziako 40. edizioaren Cesar sarietan gailendu da Timbuktu pelikularekin. Film horrek zazpi golardo eskuratu ditu, eta Yves Saint Laurent moda-diseinatzaileari buruzko bi pelikuleei tokia kendu die (bi film horiek 17 izendapen zituzten, baina bi baino ez lortu dituzte).

Zuzendari onenaren Cesar saria eskuratzen lehen afrikarra da Sissako. Zinemagileak saria eskertu dio "Frantzia izugarri horri, herrialde irekia dela berriro ere erakutsi baitu". Aguelhok hirian, Malin, islamistek ankerkeriaz lapidatutako bikote baten benetako istoriotik abiatuta, jihadistek Tumbuktu hiria hartu zutenean mintzagai du filmeak.

Zuzendari onenaren sariaz gain, zinta horrek honako golardo hauek ere lortu ditu: dekoratu onena, film onena, gidoi onena, argazkilaritza onena, muntai onena, musika-doinu onena eta soinu onena.

Halaber, Oscar sarietan, atzerriko hizkuntzan egindako pelikulen sailean, film onenaren izendapena jaso du Timbuktu pelikulak.

Sissakoren lanak Yves Saint Laurent moda-diseinatzaileari buruzko bi pelikuleei gailendu zaie: Bertrand Bonellok zuzendutako Saint Laurent, eta Jalil Lespertek gidatutako Yves Saint Laurent.

Bestalde, Thomas Cailleyek zuzendutako Les Cobattants lanak ere arrakasta handia lortu du aurtengo edizioan, guztira, hiru golardo eman dizkiotelako: opera prima onena, gizonezko aktore berri onena (Kévin Azaïs) eta emakumezko aktorerik onena (Adèle Haenel).

Win Wendersek eta Juliano Ribeiro Salgadok zuzendutako La sal de la Tierra lanari dokumental onenaren saria eman diote. Dokumental horrek Sebastiao Salgado argazkilari brasildarra du hizpide.

Bestalde, atzerriko hizkuntzan egindako pelikula onenaren saria Mommyrentzat izan da, eta ohorezko Cesar saria, berriz, Sean Penn aktore, zuzendari eta ekoizle estatubatuarrak jaso du.