Itxi

Zinema

Estreinaldiak

'Avengers'en bigarrena eta 'Pos Eso' animazio filma, zinema aretoetara

Agentziak | Erredakzioa

Marvelen mendekatzaileen batailoia da gaurko estreinaldi zerrendako izen nabarmenena, “Pos Eso” EiTBren parte-hartzea duen animaziozko filma ere zinemetara heldu den astean.

“Avengers”ek (2012) arrakasta handia erdietsi eta gero, Robert Downey Jr, Chris Hemsworth, Scarlett Johansson, Chris Evans, Samuel L. Jackson eta beste bueltan dira, “Avengers: Age of Ultron”, ikusmin handia piztu duen superrekoizpenean.

Marvel faktoriaren lanaren bigarren zati honetan, Joss Whedon zuzendaria berriz ere buru dela, Iron Manek, Hulkek, Alargun Beltzak, Amerika Kapitainak, Belaltz Begik eta Thorrek gizakia desagerrarazi nahi duen gaizkile teknologiko beldurgarri bat izango dute parean.

“Pos Eso” EiTBren parte-hartzea duen animaziozko filmean, Trini dantzari ohia aita Leninekin harremanetan jarriko da Damian 8 urteko ume bihurria onbideratzen lagun diezaion.

Mandariinid (Tangerines) filmak Ivo eta Margusen istorioa du hizpide, Georgian 1992an, gerria zibilari bizkarra emanez, mandarinak ekoizten bizi diren bi herritarrena. Txetxeniar eta georgiar soldadu zaurituei lagunduko diete, sendatu arte etxean hartuz.

Zaza Urushadzek zuzendu duen istorioak gerraren absurdua eta giza aldea erakusten ditu, Oscarretan atzerriko film onenaren atalean izendatu duten lehen film baltikoan.

“Words and pictures” pelikulan, Jackek (Clive Owen) eta Dinak (Juliette Binoche) “hitzaren” eta “irudiaren” arteko talka hezurmamitzen dute. Gizona ingeles irakaslea da, eta alkoholera jo du gero eta okerrago idazten duela ahazten saiatzeko; emakumeak arte eskolak ematen ditu, gero eta okerrago margotzen duen bitartean.

1939an, Federico Fellini gaztea “Marc’Aurelio” aldizkariko karikaturagile lanetan hasiko da. Zortzi urte geroago, Ettore Scola zinemagilea ere aldizkari horretara joango da. Horrela, zinemaren historian mugarria ezarri zuten bi gizonen arteko adiskidetasun harremana hasiko da, “Che strano chiamarsi Federico!” filmak kontatzen duen bezala.

“Tiempo sin aire”k, bestalde, Maria erizain kolonbiarraren (Juana Acosta) istorioari begiratzen dio. Hiru paramilitarrek alaba hil eta gero, Tenerifen egindako argazki batean horietako bat topatu duela pentsatuko du, eta uhartera joango da hiltzailearen bila. Han, Gonzalo (Carmelo Gomez) aurkituko du, eskola batean lanean ari den psikologoa, eta bilaketa obsesiboa abiatuko du berarekin batera.

“Difret” drama etiopiarrak (Zeresenay Berhane Mehari) sariak jaso ditu dagoeneko, Sundancen eta Berlinen, eta Hirut 14 urteko neskaren istorioa kontatzen du. Bahitu eta bortxatu zuten gizonak hil zituen neskatoak, eta Meaza Ashenafi abokatuak defendatu egin beharko du, Poliziaren eta Gobernuaren presioei entzungor eginda.

“Asterix: jainkoen egoitza” filmean, euskaraz ikusi ahalko dira Asterixek, Obelixek eta gainerako galiarrek Julio Zesarren aurka egin beharrekoak.

“Walking on sunshine” komedia musikalean, Naddiek Taylor arreba ezkontzara gonbidatuko du, horrek Raf senargaiarekin maitasun harreman laburra izan zuela jakin gabe.