Itxi

Zinema

Filmatzea

Donostia 2016k figurante-zerrenda bat egingo du 'Kalebegiak' filmerako

Agentziak | Erredakzioa

Hautaproba uztailaren 2an izango da, eta edonork har dezake parte. Donostiari buruzko hamabi film laburrek osatuko duten pelikularen zuzendarien esku utziko dute zerrenda.

  • Donostiari buruzko 12 film laburrek osatuko dute "Kalebegiak" filma

    Donostiari buruzko 12 film laburrek osatuko dute "Kalebegiak" filma

Donostia 2016k “kastin zabal” bat deitu du uztailaren 2rako, Kalebegiak filmerako estren “fitxategi” bat osatze aldera. Pelikula Donostiari buruzko hamabi film laburrek osatuko dute, horietako gehienak euskal zuzendari ospetsuek eginikoak.

Kultura Hiriburutzatik esan dutenez, hautagaiek ez dute aurretiaz zineman edo telebistan esperientziarik izan beharrik, eta “denetarik profila” duten herritarrek parte hartu ahalko dute proban.

Julio Medemek, Gracia Querejetak, Imanol Uribek, Daniel Calparsorok, Telmo Esnal eta Asier Altunak, Borja Cobeagak, Koldo Almandozek, Luiso Berdejok eta ibilbidea abiatzen ari diren gipuzkoar zinemagileek egingo dituzten filmetan “herritar guztiek” parte hartzea da helburua.

Estra izan nahi dutenen datuekin fitxategi bat sortuko dute, eta zuzendarien esku utziko dute, horiek baten bat behar izatekotan bertara jo dezaten. Kastineko parte-hartzaileek ez dute dirurik jasoko, baina filmean parte hartzen dutenetako batzuek bai.

"Kalebegiak"ek Donostiarekin lotutako hainbat kontzepturi begiratuko die. “Donostiaren eta zinemaren arteko beste lotura bat proposatuko du proiektuak, Zinemaldian sortzen denetik ezberdina. Horrela, bertoko zinemagintza bultzatu nahi dugu, eta proiektuaren ardatza Larrotxene kulturgunean jarri”, Donostia 2016ko arduradunek esan dutenez.