Itxi

Zinema

Golardoa

Fernando Truebak Espainiako Zinemaren Saria jasoko du, Zinemaldian

Agentziak | Erredakzioa

Espainiako Kultura Ministerioak Donostiako Zinemaldian banatzen du saria. “Ibilbide eztabaidaezina” duelako aukeratu du Trueba epaimahaiak.

Fernando Trueba (Madril, 1955) zuzendari, ekoizle, gidoigile eta kritikariak Espainiako Zinematografia Saria irabazi du gaur. Epaimahaikideek “ibilbide eztabaidaezina, zinemagintzaren defentsa eta nazioarteko ospea” hartu dituzte kontuan bera aukeratzeko.

Espainiako Hezkuntza, Kultura eta Kirol Ministerioak ohar batean azaldu duenez, hastapenetatik aritu da Trueba profesioaren defentsan “Casablanca aldizkaria sortu eta El Pais eta La Guia del Ocio-n kritikari jarduten zuenetik”.

Aintzatespenak 30.000 euroko saria ekarriko dio zinemagileari, eta Donostiako Zinemaldiaren barruan ospatuko dute berori emateko ekitaldia.

Fernando Rodriguez Trueba Informazio Zientzien Fakultatean lizentziatu zen, Madrilgo Unibertsitate Konplutentsean, eta Opera prima izan zen bere lehen lana. Bost urte geroago, 1985ean, sona hartu zuen, Se infiel y no mires a quien Ana Belenekin, Carmen Maurarekin eta Antonio Resinesekin eginiko lanari esker.

Urtebete geroago, El año de las luces filmatu zuen eta Berlingo zinemaldiko Zilarrezko Hartza irabazi zuen.

1988an, Zinema Zientzia eta Arteen Akademiako presidente aukeratu zuten, eta 1989an El sueño del mono loco filmatu zuen, Jeff Goldblum eta Miranda Richardsonekin.

1992an, Belle Epoque bere filmari bederatzi Goya sari eta atzerriko film onenaren Oscar saria eman zizkioten, eta, haren ostean, Two Much (Antonio Banderas, Melanie Griffith eta Daryl Hannahrekin) eta La niña de tus ojos (1998) heldu ziren. Azken horrek Penelope Cruz du protagonista, eta zazpi Goya sari ekarri zizkion Truebari.

Azkenaldian, musikari buruzko hainbat dokumental (Calle 54 eta El milagro de Candeal) eta Chico y Rita animaziozko filma egin ditu.