Itxi

Zinema

Heriotza

Wes Craven hil da, 'A Nightmare on Elm Street'en sortzailea

Agentziak | Erredakzioa

Beldurrezko pelikula ugari egin zituen zuzendari, errealizadore eta gidoilaria Los Angelesen hil da, burmuineko minbizi baten ondorioz.

  • Wes Craven zinema zuzendaria.

    Wes Craven zinema zuzendaria. Argazkia: Efe

Wes Craven zinema zuzendaria, Scream eta A Nightmare on Elm Street beldurrezko pelikula ezagunen egilea, igandean hil zen, 76 urte zituela, Twitter sarean zuen kontu ofizialean jakitera eman dutenez.

Zinemagilearen familiak Hollywoodeko hainbat hedabideri jakinarazi dionez, Los Angeleseko etxean hil da zuzendaria, burmuineko minbizi baten ondorioz.

Errealizadore eta gidoilari ere bazena Iya Labunkarekin zegoen ezkonduta, Disney estudioetako ekoizle eta presidenteorde ohiarekin.

Ingeles Literatura, Psikologia eta Filosofia ikasketak egin zituen, eta Clarkson Unibertsitatean Giza Zientzien Fakultateko irakasle izan zen, dena utzi eta zinema munduan sartu arte.

Zuzendari eta gidoilari gisa egin zuen lehenengo pelikula The Last House on the Left (1972) izan zen, Ingmar Bergmanen Jungfrukällan (1960) lanean oinarrituta, eta 2009an bertsio berria kaleratu zuten, Cravenek berak ekoitzita.

The Hills Has Eyes (1977) egin arte, ez zuen beste filmik zuzendu, baina Deadly Blessing (1981), Swamp Thing (1982) eta Invitation to Hell (1984) etorri ziren horren atzetik.

1984an bertan estreinatu zuen A Nightmare on Elm Street, historiako beldurrezko pelikulen saga entzutetsuenari hasiera emanez.

Freddy Krueger pertsonaia jaio zen pelikula horretan. Aurpegia kiskalita eta eskuetan aiztoak zituen gizon hura nerabeen amesgaiztoetan agertzen zen, eta hil egiten zituen.

A Nigthmare on Elm Street aurkeztu eta hamar urtera, Cravenek berriro asmatu zuen gazteentzako beldurrezko filmekin. Izan ere, Scream estreinatu zuen, eta txarteldegietan diru-sarrera handiak lortuta, pelikula horri jarraipena ematen dioten beste hiru film zuzendu zituen.