Itxi

Zinema

Aurrehautagaia

'Loreak', Oscarretan lehiatzeko bidean

N.V, | eitb.eus

Espainiako Zine Akademiak 'Loreak', 'Magical Girl' eta 'Felices 140' Gracia Querejetaren lana aukeratu ditu Oscarretara aurkezteko hautagai gisa. Irailaren 29an iragarriko dute behin betiko hautagaia.

1:24

Espainiako Zinema Akademiak Oscarretara, atzerriko film onenaren sailerako, zein film aurkeztuko duen aukeratzeko lehen hautaketa egin du, eta gaur eman dute hiru finalisten berri Jesus Castro eta Adriana Ugarte aktoreek: 'Loreak' (Jon Garaño eta Jose Mari Goenaga) euskarazko lana, 'Magical Girl' Donostiako iazko Zinemaldiko Urrezko Maskorraren irabazlea eta 'Felices 140' Gracia Querejetaren lana. Hiru pelikula horietakoren bat jardungo da Espainiako Akademiaren izenean 2016ko Oscarretan izateko lehian.

Irailaren 29an iragarriko dute, Antonio Resines Akademiako presidenteak azaldu duenez, hiru film horietako zein bidaliko dioten Hollywoodeko Akademiari, AEBko zinemaren sari handietarako hautagaien artean aintzat har dezan.

Bide oparoa ari da egiten Jon Garañoren eta Jose Mari Goenagaren filma, udazkenean estreinatu zutenetik: mundu osoko jaialdietan erakutsi dute; hainbat sari jaso ditu; Goya sarietarako bi izendapen jaso zituen, tartean film onenarena; Donostiako Zinemaldiko Sail Ofizialean lehiatu den euskara hutsezko lehen filma izan da; eta, orain, Oscarretarako behin-behineko bidean jarri du Espainiako Zinema Akademiak.

Irailaren 29an jakingo dugu, azkenik, Hollywoodeko Akademiako kideen hautaketan sartzeko behin betiko hautagai ote den EiTBren parte hartzea duen lanak.

"Ohorea izango litzateke"

Jose Mari Goenagak albistearen berri izan eta berehala esan duenez, "ohorea" izango litzateke euskara AEBko Akademiaren sarietan egon ahal izatea.

'Loreak' euskarazko lehen filma izan zen nola Goyetan hala Donostiako Zinemaldian, film onenerako lehian: "Itzela izango litzateke", esan du Goenagak, baina bertan egotea "oso zaila" izango dela gaineratu du.