Itxi

Zinema

Donostia

Tabakalerak ostegunean abiatuko du zinema programazioa

Agentziak | Erredakzioa

Asteazkenetik igandera izango da zer ikusi, eta zirkuitu komertzialera iristen ez den zinema izango du ardatz. Jatorrizko bertsioan egongo da ikusgai, euskara edo gaztelaniazko azpitituluekin.

  • Jonas Truebak 'Los exiliados romanticos' aurkeztuko du hilaren 2an

    Jonas Truebak 'Los exiliados romanticos' aurkeztuko du hilaren 2an

Donostiako Tabakalera zentroko zinema aretoko programazio iraunkorra ostegun honetan, urriaren 1ean, abian jarriko da irekierako jarduera berezien eta Donostiako Zinemaldiaren ostean.

Proiekzioak astero izango dira, asteazkenetik igandera, eta eskaintzak askotariko publikoak izango ditu jomugan, baina zirkuitu komertzialetara iristen ez den zinema izango du ardatza nagusi.

Sarreraren prezioa 3,5 eurokoa izango da eta emanaldi guztiak jatorrizko bertsioan eskainiko dira, kasu batzuetan gaztelaniazko eta beste batzuetan euskarazko azpitituluekin, zentroko arduradunek jakinarazi dutenez.

Zine aretoa Tabakalerako programa osoaren baliabide bat gehiago da, eta proiektuarekin partekatutako helburu komuna du: sorkuntzari arreta jartzea pentsamendutik, trebakuntzatik eta ekintzatik abiatuta. "Zinea da, baina baita gogoetarako eta ezagutza partekatzeko topagunea ere", adierazi dute.

Tabakalerako zine programazioak bost ildo nagusi izango ditu. Fokuak ildoan, zinemagile garaikideen filmografian atzera begirakoak proposatuko dira; Zine Garaikidea programazio ildoaren ardatza nazioarteko zinema jaialdietako filmetan eta banatzaile independenteetan datza; Zikloak gai zehatzen inguruko saioak edo emanaldiak izango dira; "Gutun Zuriak" ildoan, berriz, Tabakaleraren asmoa da "zine pantailari bizia ematera" nazioarteko zinemaldiak, kritikariak, artistak eta programatzaileak gonbidatzea; eta, azkenik, Goizekoak ildoari dagokionez, igande goizetan, hilean behin, jarriko dituzte: familia osoarentzako zinema.