Itxi

Zinema

Film laburra

Pedro Oleak Sabino Arana, Unamuno eta Arriaga berpiztuko ditu Bilbon

Agentziak | Erredakzioa

Bilbotar zuzendariak “Zombi Eguna” film laburra filmatuko du asteazken, ostegun eta ostiralean Bizkaiko hiriburuan, “Bilbao-Bizkaia. Exterior-Dia” proiekturako.

  • Pedro Olea, 2014ko Zinemaldiko Zinemira saria jasotzen

    Pedro Olea, 2014ko Zinemaldiko Zinemira saria jasotzen

Pedro Olea zuzendari bilbotarrak zonbiz beteko ditu Bilboko Zazpikaleak asteazken, ostegun eta ostiralean, “Zombi eguna” film laburra errodatzeko. Lan horrek besteak beste Sabino Arana, Juan Crisostomo Arriaga eta Miguel de Unamuno hilobitik altxatuko ditu; Lander Otaolak, Ramón Ibarrak, Iñaki Marurik, La Otxoak eta beste hainbat aktorek emango diete horiei bizia eta musika zein eta dantzarako gorputza.

'Bilbao-Bizkaia. Exterior-Día' filma Zinebik eta Bilbao-Bizkaia Film Comissionek bultzatu dute, film laburraren balioa azpimarratu eta hiriaren “erakusleiho” izateko.

Horretarako, zazpi zinemagile elkartu dira, beteranoak zein gazteagoak, denboran zehar askotan filmatu den eta orain goitik behera eraldatuta dagoen hiriarekin duten erlazioaren zazpi begirada pertsonal emateko. Zazpiek euren esfortzua bateratuko dute, “oso ikuspuntu anitzetatik filmatutako hiriaren erretratua osatzeko, Bilboko eta Bizkaiko ekonomiaren motor berri izan daitekeenaren hiri espazioen katalogoa osatzeko”, arduradunek azaldu dutenez.

Orain arte, Luis Mariasek, Javier Rebollok, Sra. Polaroiskak, Enrique Urbizuk eta Mikel Ruedak euren lanak amaitu dituzte, eta azken biak hilabete honetan errodatuko dira, Pedro Olearen eta Imanol Uriberen zuzendaritzapean. Guztiak ere zinegile bilbotarrak dira, bertan jaiotakoak edo bilbotartuak.

Estreinaldia, azaroan

Azaroaren 16an pantailaratuko dute azken emaitza. Egun horretan estreinatuko dute pelikula Campos Antzokian, Zinebiren programaren barruan.