Itxi

Zinema

Azaroaren 13an

Zinebik hil ondorengo Ohorezko Mikeldia emango dio Aitor Mazori

eitb.eus

Azaroaren 13an egingo dute ekitaldia, jaialdiaren hasierako galan. “Bere ibilbidea eta antzezle gisa izan duen izaera indartsua” goraipatu nahi dituzte.

Zinebi Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiak hil ondorengo Ohorezko Mikeldia emango dio Aitor Mazo antzezlea zenari. Saria, ohikoa denez, Bilboko Arriaga Antzokiko agertoki nagusian emango dute, azaroaren 13an, 20:00etatik aurrera.

Saria “bilbotar guztien maitasunaren eta jaialdiak goitik beherako antzezle baten lanaren aurrean duen aintzatespenaren adierazpena” da, azaroaren 13tik 20ra 57. edizioa ospatuko duen jaialdiaren antolatzaileek adierazi dutenez.

1961ean Santutxu auzoan jaio zen Aitor Mazok fotogenia eta aldakortasun handiko fisikoa izan zuen, eta horrek mota guztietako lanak egiteko aukera eman zion antzerkiko antzezle, eta gure herrialdeko zine zuzendari hoberenen esanetara eta telebista saio handienetan aritutako ezinbesteko antzezle gisa, taldeko antzezle gisa, gehienetan. Gaztetatik izan zuen antzerkirako bokazioaren ondorioz, Maskarada taldean sartu zen, eta gaztelaniaz zein euskaraz egin zuen lan eszenako gizon gisa.

Zineko antzezle gisa egin zituen lehenengo lanak A los cuatro vientos (José Antonio Zorrilla, 1987) eta Behiak (Julio Médem, 1992) izan ziren, eta horien ondoren bigarren mailako antzezle gisa aritu zen Gonzalo Suárez (La reina anónima, 1992), Luis García Berlanga (Todos a la cárcel, 1993), Enrique Urbizu (Cachito, 1995) eta Juanma Bajo Ulloa (Airbag, 1997) zuzendarien esanetara.

Bere filmografiak beste lan askorekin jarraitu zuen, Álex de la Iglesia (La comunidad, 2000), Emilio Martínez Lázaro (La voz de su amo, 2001), Manuel Gutiérrez Aragón (Visionarios, 2001), Francesc Bellmunt (Lisístrata, 2002), Miguel Courtois (El lobo, 2004), Daniela Fejerman (Siete minutos, 2009), Ernesto del Río (Valeria descalza, 2011) eta Pablo Malo (Lasa eta Zabala, 2014) zinegileen esanetara; 2014. urtean, Emilio Martínez Lázaroren Ocho apellidos vascos lanean ere hartu zuen parte, parroko lotsabako samar eta maitakorrarena eginez.

Aitor Mazok gidoilari eta zuzendari lana ere egin zuen Patxo Telleria lankide eta adiskidearekin Hodeiak pintatzeko makina (2009) eta Bypass (2012) lanetan.