Itxi

Zinema

“Parpadeos”

Imanol Uribek Bilbo hustu du, larrialdi nuklear baten aurrean

Agentziak | Erredakzioa

Donostiar zuzendaria “Parpadeos” film laburra filmatzen dihardu Bilbon. 'Bilbao-Bizkaia. Exterior-Día' Zinebik sustatutako film luze kolektiboa osatuko duen lanetako bat da Uriberena.

1:14

Imanol Uribe "Parpadeos" filmatzen hasi da astearte honetan, urriak 27; Zinebi Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiaren edizio berrian estreinatuko den film luze kolektiboaren azken atala -zazpigarrena- izango da donostiarrak zuzendutakoa.

Oraingoan, lanaren argumentua Bilboko biztanleak ebakuatzea eragin duen ihesaldi nuklearra izango da, eta agertokia Abandoibarra pasealekua, Guggenheim museoaren inguruan.

"Bilbao-Bizkaia. Exterior-Día" filma Zinebik eta Bilboko Udalak eta Bizkaiko Foru Aldundiak bultzatutako Bilbao-Bizkaia Film erakundeak sustatzen dute, film laburrari balioa emateko eta hiria erakusleiho izateko leku egoki gisa erakusteko asmoz.

Horrela, zazpi zinemagile elkartu dira filma egiteko, Bilborekin duten harremanaren zazpi begirada emateko. Zazpiek euren esfortzua bateratu dute, ikuspuntu askotatik filmatutako hiriaren erretratua osatzeko.

Filma osatuko duten film laburretatik, Luis Mariasek, Javier Rebollok, Sra. Polaroiska kolektiboak, Enrique Urbizuk, Mikel Ruedak eta Pedro Oleak eurenak filmatu dituzte dagoeneko. Guztiak bilbotarrak dira, bertan jaiotakoak edo bilbotartuak.

Azken emaitza ikusteko azarora arte itxaron beharko da, filma azaroaren 16an estreinatuko baita Campos antzokian, Zinebi 57ren barruan.

  • Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
  • Bilbo