Itxi

Zinema

Zinemaldia

Zinegoakek publiko guztientzako ekintzak eskainiko ditu, atariko gisa

Agentziak | Erredakzioa

Bilboko Gay-Lesbo-Trans Nazioarteko Zinema eta Arte Eszenikoen Jaialdia otsailaren 22an irekiko du “Closet monster” filmak, eta Rose Troche estatubatuar zinemagilea omenduko dute bertan.

  • Zinegoak 2016

    Zinegoak 2016

Zinegoak Bilboko Gay-Lesbo-Trans Nazioarteko Zinema eta Arte Eszenikoen Jaialdiak ekintza programa oparoa aurkeztuko du, jaialdia hasi baino lehenagoko egunetan mota guztietako publikoa erakartzeko.

Otsailaren 22tik 29ra ospatuko den zinemaldiaren aurretik garatuko duten programa gaur aurkeztu du Pau Guillen jaialdiaren zuzendariak, eta “Zinegoak publiko gaylesbotransarentzako jaialdi gisa ez ikustea” du helburu. “Zinema onaz gozatzen duen orori zuzenduta dago”, esan du Guilllenek.

Otsailaren 6an abiatuko dituzte ekintza paralelook, Alde Zaharreko eta San Frantzisko inguruko merkataritza lokaletan paratuko duten argazki erakusketa batekin. Berorretan, giza eskubideak Afrikan zer egoeratan dauden erakutsiko dute.

Ostegunean, hilak 18, Euskadiko LGTB Mugimenduaren Artxibo Dokumentala zabalduko dute Euskal Museoan. Dokumentu, publikazio eta lan multimediak gordeko ditu gai gaylesbotransen lehen zentro dokumental birtuala izango den honek.

Ostiralean, bestalde, sexu eta afektibitate askatasunaren ikuspuntutik Tunisian, Errusian eta Mexikon bizi duten egoerara gerturatzeko aukera emango dute, hainbat film laburren bidez, eta larunbatean identitate transexuala eta lesbofeminismoa jorratuko dituzte, topaketa batzuetan.

Otsailaren 21ean, igandearekin, “Go fish” filma emango dute, Rose Troche jaialdiak aurten sarituko duen zinemagile eta ekoizleak eginiko filmik ospetsuena.

Jaialdia bera astelehenean hasiko da, otsailak 22. Egun horretan, bertan, “Closet monster” Torontoko jaialdian Kanadako produkziorik onenaren saria jaso zuen filma eskainiko dute, eta Rose Trochek saria jasoko du.