Itxi

Zinema

Oscar sarien 88. edizioa

'Spotlight'ek irabazi du film onenaren Oscar saria

N.V. | eitb.eus

Kazetarien lana aldarrikatzen duen lanak eraman ditu pelikula eta jatorrizko gidoi onenaren sariak. Iñarrituk zuzendari onenaren saria bereganatu du berriz, eta DiCapriok eta Brie Larsonek aktoreenak.

1:31

?Spotlight? Boston Globe egunkariko kazetariek adingabeek Eliza Katolikoko apaizen aldetik jasandako tratu txarrak ikertzeko egindako lana kontatzen duen filmak irabazi du bart, Los Angelesen, film onenaren Oscar saria, aldarrikapenez gainezka egon den gala batean.

Sariok oso banatuta egon dira. Zuzendari onenaren saria Alejandro Gonzalez Iñarrituk (?The Revenant?) irabazi du, bigarren urtez jarrian, iaz ?Birdman?engatik bereganatu eta gero, eta aktore nagusi onenen sariak Leonardo DiCapriok (azkenean, seigarren saiakeran) eta Brie Larsonek (?Room?) eraman dituzte. Gainera, ?Mad Max: Fury Road?ek sei golardo irabazi ditu, arlo teknikoetan.

Eskerrak emateko hitzaldian, Tom McCarthy ?Spotlight?en zuzendariak abusu horietatik atera zirenei ?ahotsa? eman ziela esan du, eta Oscarrak mezu hori handiagotzeko balioko duela erantsi du.

Leonardo DiCapriok irabazi egin du azkenean, seigarren saiakeran (aktore gisa bost aldiz izendatu dute, eta ekoizle gisa behin), Oscarra, ?The Revenant? lanagatik. ?Aktore taldeak eta lantalde osoak eginiko ahaleginari esker? lortu duela esan du estatuatxoa jasotakoan.

DiCapriok Tom Hardy ?anaiari?, filmeko lankideari, eskaini dio golardoa, baita Alejandro Gonzalez Iñarritu minutu batzuk lehenago zuzendari onenaren Oscar saria irabazi duen zinemagileari ere (John Fordek eta Joseph L. Mankiewiczek soilik zuten gaur arte bi Oscar sari errenkadan irabazi izanaren ohorea, eta mexikarrak berdindu egin ditu): ?Zineman historia egiten ari zara. Eskerrik asko zuri eta Chivo Lubezkiri, zinema esperientzia garrantzitsuak filmatzearren?.


Hain zuzen ere, Chivo Lubezki Iñarrituren ohiko laguntzaileak ere argazkigintza onenaren Oscar saria irabazi du ?The Revenant?en egindako lanagatik. Hirugarren urtez jarraian gailendu zaie sailkideei mexikarra.

Emakumezkoen sailean, Brie Larson (?Room?) garaile atera da aurreikuspen guztien arabera Cate Blanchettekin izan behar zuen lehia estuan, eta bere lehen Oscarra eraman du etxera.

Agertokian, Lenny Abrahamson filmaren zuzendariari eskerrak eman dizkio Larsonek: ?Erabat izugarria zara?. Gainera, Jacob Tremblay filmean lan ikaragarria egiten duen aktore gaztetxoa, ?nire kidea?, ere hartu du aintzat.

Alicia Vikander suediarrak bigarren mailako emakumezko aktore onenaren saria irabrazi du, ?The Danish Girl? filmagatik, eta, gizonezkoen atal horretan, gaueko ustekabe handienetako bat etorri da; Sylvester Stalloneren porrota. Ia denek ematen zuten ziurtzat ?Creed?en Rocky Balboaren azalean eginiko papera sarituko zutela, baina Mark Rylancek irabazi du azkenean, ?Brige of Spies? lanagatik.

?Mad Max: Fury Road? George Millerren filmak sei sari irabazi ditu gaurko galan. Hamar sailetan zegoen izendatuta akziozkio film postapokaliptikoa, eta jantzi, ekoizpen diseinu, makillaje eta ile-apainketa, edizio, soinu edizio eta soinu nahasketa onenena irabazi ditu.

Halaber, gaueko une gogoangarrienetako bat Ennio Morriconek (?The Hateful Eight?) soinu banda onenaren saria jaso duenean etorri da. 87 urte dituela irabazi du lehen Oscarra atal horretan ohorezko sari bat badaukan italiar maisuak.

  • Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
  • Oscarrak 2024