Publizitatea
X

Irratia zuzenean

Patxo Telerria elkarrizketatu dugu "Igelak" filmari buruz hitz egiteko

Zinema

Elkarrizketa

Patxo Telleria: 'Bertso libre samarra da 'Igelak''

Natxo Velez | eitb.eus

2016/12/02

Gaur helduko da zinema aretoetara "Igelak", Patxo Telleriak zuzendutako komedia soziala. Zuzendari bilbotarrarekin hitz egin dugu, estreinaldiaren kariaz.

  • Patxo Telleria zuzendaria, Gorka Otxoarekin batera.

    Patxo Telleria zuzendaria, Gorka Otxoarekin batera.

    Patxo Telleria zuzendaria, Gorka Otxoarekin batera.
  • Partekatu
  • Bidali

Iruzkinak

Alegia batek dioenez, eskorpioi batek laguntza eskatu zion behin igel bati, eta ibaia zeharkatzen laguntzen bazion minik egingo ez ziola agindu zion. Igelak baiezkoa eman zion, eta ekin zioten ibilaldiari, baina, bide erdian zeudela, eskorpioiak ziztatu egin zuen igela. Harrituta, “zergatik egin duzu hori? Orain biok hilko gara!”, esan zuen igelak, eta eskorpioiak ondorioak gorabehera aukerarik izan ez zuela erantzun zion: “Berezkoa dut ziztatzea, ezin dut ekidin”.

Esopori egotzi dioten baina egile jakinik ez duen kontakizun hori hartu du ardatz Patxo Telleriak (Bilbo, 1960) komediaren, emozioaren, musikaren tratamendu bereziaren eta eduki sozialaren gainean egituratutako filma eraikitzeko.

Filma euskaraz ikusi ahalko da, Hegoaldeko hiriburuetan eta zenbait herritan, eta gaztelaniara bikoiztuta Espainiako Estatuko hiri nagusietan (Bartzelonan, banatzaileak esan digunez, euskaraz ere ikusi ahalko da). Gainera, EZAE elkarteko kide diren aretoetan 2 euroko beherapena izango da.

Telleriarekin hitz egin dugu, estreinaldiaren aurreko egunetan, igelez, eskorpioiez, zinemaz, gizarteaz eta beste gauza askotaz.

Pobrezia eta iruzurra nagusi diren baliorik gabeko hiri postapokaliptiko batean kokatzen duzu istorioa. Gisa horretako gizarte baterantz goaz?

Ez goaz pobrezia eta ustelkeria nagusi diren baliorik gabeko gizarterantz, horretan gaude jada. Nik, dena den, testuinguru horretan kokaturiko komedia bat eraiki dut. Komedia soziala da, baina ez diot arazo honi erantzunik ematen, ez baitaukat.

Pelikulako auziak pertsonalak dira, sozialak baino. Etikoak, politikoak baino.

Filmaren muinean, igelaren eta eskorpioiaren kondaira dago. Egungo gizartean zer dago, eskorpioi edo igel gehiago?

Eskorpioiek igelak behar dituzte eskorpioi izaten jarraitzeko; beraz, bietatik daude. Ondo egituraturiko gizarte batean, eskorpioiek zailtasun gehiago dituzte bizirauteko, eta igelak ugaltzen dira.

Gizarte kaotikoetan (eta neoliberalismoak kaos hori bultzatzen du) eskorpioiak erruz eta erraz bizi dira.

Igelak Gorka Otxoa Miren Gaztañaga

Etxegabetzeen gehiegikeriaren testuinguruan kokatutako filma egiteko, komediara jo duzu… Komedia sozialaren zein eredu izan duzu buruan?

Lehen esan bezala, krisi sozialarena testuingurua da nire pelikulan, pertsonen komedia bat eraikitzeko agertokia.  Komediaren bidez, edozer (edo ia edozer) konta daiteke, baldin eta errespetu eta begirunea erabiltzen badituzu. Ahulen kontura barre egitea zekena da, jakina.

Ez diot inongo eredu zehatzi jarraitu, nahiko proposamen pertsonala da hau. Niri ingeles komedia soziala gustatzen zait, baina “Igelak” ez da eredu horretara moldatzen. Bertso libre samarra da.

Irailean, Donostiako Zinemaldian erakutsi zenuten “Igelak”. Zelan hartu zuen jendeak bertan?

Mota askotako erantzunak egon ziren. Iritzi positiboak jaso nituen, eta ez hain positiboak ere bai.

Batzuei proposamen bitxiegia iruditu zaie, genero nahasketa bat, komedia, drama soziala eta –horrekin nahikoa ez– musikaren tratamendu berezia dagoelako. Beste batzuek kritika sozial zorrotzagoa espero zuten, eta beraien usteak ez dira bete. Ulertzen dut aniztasuna.

Zure aurreko bi filmak, “Hodeiak pintatzeko makina” eta “Bypass”, Aitor Mazorekin batera egin zenituen. Zelan egin diozu aurre bakarrik lan egiteko atakari?

Aitorrekin batera bildutako esperientzia eta eskarmentuaz baliatu naiz erronkari aurre egiteko. Lan asko eginda, hori bai.

Musikak pisu handia du filmean. Nola joan zen garatzen filmaren alde musikala?

Hasieratik pentsatuta nuen musikaren presentzia berezia. Igelaren eta eskorpioiaren alegian oinarrituta dago istorioa, eta, berez, nik alegiazko tonua eman nahi nion, errealitateari lotua baina errealitatetik apur bat urrunduz. Musikaren erabilera tresna baliotsua izan da horretarako.

Gatibu taldeak egin du filmaren soinu banda.

Zelako esperientzia izan zen musikariak kamera aurrean jarri eta interpretaziora bultzatzea? Zeinek harritu zintuen aktore lanetan?

Musikariek ez dute paperik interpretatzen, eurak dira, bakoitza den bezalakoa. Beraz, ez dute inongo pertsonaian sartzeko ahaleginik egin behar izan. Kamera aurrean kokatzea beti izaten da gogorra horretan ohiturarik ez duenarentzat, baina gure babesa izan dute une oro, eroso egoteko.

Aktore nagusiak Gorka Otxoa eta Miren Gaztañaga dira. Zergatik aukeratu zenituen?

Gorka Otxoa ezin hobeto egokitzen zen protagonistaren rolerako, nahiz eta orain arte egindako lanetatik urrundu den. Komedia egiten du, baina, une askotan, beste erregistro bat eskaintzen digu, sentimendu sakonak agertzen baititu pertsonaiak.

Miren Gaztañagak egiten duen pertsonaia emakume oso berezia da. Eta Miren ere berezia da. Badu edertasun propio bat, estandarretik urruntzen dena, eta esateko, begiratzeko eta mugitzeko era pertsonala ere badu.

Zertan ari zara lanean orain, “Igelak”ekikoak amaituta?

Antzezlan bat idatzi berri dut, eta martxoan estreinatuko dut, Tartean konpainiarekin; zinemarako gidoi pare bat idazten ere banabil, besteak beste.

Iruzkinak

Publizitatea
Publizitatea

Bisitatuena

    Kargatzen ikusiena
        Kargatzen ikusiena