Itxi

Zinema

Programa

Ikusmira Berriak programaren hirugarren deialdia zabalik da

Agentziak | Erredakzioa

Proiektu zinematografikoak eta egonaldi artistikoak eskainiko ditu Tabakalerak eta Zinemaldiak antolatzen duten programak.

Ikusmira Berriak egonaldi eta proiektu zinematografikoak egiteko programak hirugarren deialdia ireki du astelehen honetan, otsailaren 6an. Donostiako Tabakalera Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroak eta Donostiako Zinemaldiak bultzatutako ekimenean parte hartzeko lau kategoria egongo dira: Zinemaldiaren azken edizioko Zinema Ikasleen Nazioarteko Topaketako parte hartzaileak, Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) ekoizleak, Espainiako Estatuko ekoizleak eta beste herrialde batzuetako ekoizleak.

Ane Rodriguez Tabakalerako kultura zuzendariak eta Jose Luis Rebordinos Zinemaldiaren zuzendariak prentsaurrekoan azaldu dutenez, "sartzeko ate berri horiek Ikusmira Berriak ekimenaren nazioarteko hedadura indartuko dute".

Berrikuntzaren eta hizkuntza berrien alde egiten duten talentu berriak nahiz ekoizleak eta ikus-entzunezko industriak inplikatu nahi ditu ekimenak, eta horretarako sei asteko egonaldia eskaintzen du. Lehen lau asteetan, ekoizleek euren proiektuak landuko dituzte Tabakalerako Sortzaileen Gunean, eta profesionalek eskola magistralak emango dizkiete.

Sergio Oksman, John Paul Sniadecki, Nicolas Klotz, Oskar Alegria edo Andres Di Tella zinemagileek, Ada Solomon, Fernanda del Nido, Koldo Zuazua edo Marianne Slot ekoizleek, edota Paz Lazaro eta antzeko jaialdi programatzaileek lehen bi edizioetako egoiliarrak bisitatu eta aholkatu zituzten, adibidez.

Egonaldiko bosgarren astean, parte hartzaileak 'pitching' saiorako prestatuko dira: egonaldiko seigarren eta azken astean egin beharreko proiektuaren aurkezpena. Industriaren profesionalei aurkeztuko diete, Donostiako Zinemaldiko Europa-Latinoamerika Koprodukzio Foroaren esparruan.

Ekoizteko bidean

Ikusmira Berriak ekimeneko lehen bi edizioetan hautatutako zortzi proiektuak ekoizteko bidean daude edo lortzeko aukera onak dituzte.

Ikusmira Berriak ekimenak 20.000 euroko laguntza ekonomikoa ematen du, eta hori hautatutako proiektuen artean banatzen da. Era berean, REC Grabaketa Estudioak bere zerbitzuak eskaintzen ditu sari moduan film labur baten postprodukziorako (10.500 euroa) eta film luze baten postprodukziorako (35.000 euro).

Proposamenak aurkezteko epea apirilaren 3an bukatuko da.