Itxi

Zinema

Ikerketa

Gasteiz, Hegoaldeko hiribururik garestiena zinemara joateko

N.V. | eitb.eus

Facua-Consumidores en Acción espainiar elkarteak ikerketa bat egin du zinema aretotako prezioen inguruan. Asteburuan, 8,1 eurokoa da batez besteko prezioa, Hego Euskal Herriko hiriburuetan.

Gasteiz da Hego Euskal Herriko hiribururik garestiena zinemara joateko, Facua-Consumidores en Acción espainiar elkarteak 2017ko urtarril eta otsailean Espainiako Estatuko probintzia hiriburuetako eta bi hiri autonomoetako 143 zinema aretotan eginiko ikerketa baten arabera.

Hegoaldeko lau hiriburuetako zinema aretoetan, batez beste 8,1 eurokoa da sarreren prezioa asteburuetan edo jaiegunetan, horrelako establezimenduetara jende gehien joaten den egunetan. Arabako hiriburua da garestiena (8,40 euro), Bilbo dator ondoren (8,30) eta Iruñea (7,90) eta Donostia (7,80) daude horien ostean.

Astegunetan, 7,8 eurokoa da salneurria, batez beste, Donostian egun horietan egiten duten beherakadaren ondorioz; izan ere, aste barruan, sarrera normal baten prezioa 6,73 eurokoa izaten da Gipuzkoako hiriburuan, batez beste.

Ikuslearen Egunean, batez besteko prezioa 5,35 eurokoa izaten da Estatuko probintzia hiriburuetan, baina Iruñean lau eurora jaisten da batez beste txartelaren prezioa, egun horretan. Bilbon, 5,20koa izaten da, Donostian 6,20koa eta Gasteizen 6,40koa.

Nolanahi den, Javier Echagibel Florida zinema aretoetarako gerentea harrituta agertu da Radio Vitoriako mikrofonoetan, datu horien aurrean, eta Gasteizen batez besteko prezioa 6 euro baino gutxiagokoa dela adierazi du.

“Laguntza murritzak”

Facuaren txosteneko datuak sarrera arruntei dagozkie, beherapenik gabekoei. Elkarteak azaldu duenez, zinema gehienetan sustapena, bonuak edo prezio bereziak dituzte, fidelizazio txartelak dituztenentzat.

Dena dela, laguntza horiek “murritzak” dira haien ustez, “gehienak astegunetan jende gehiago erakartzeko erabiltzen baitira, eta, asteburu edo jaiegunetan erabili ahal direnen kasuan, taldean edo familian joatea izaten da beherapenak erabili ahal izateko baldintza, edo zinemara epe labur bat pasatu aurretik itzultzea zein saio berezietara joatea”.

Azkenik, Facuak gogora ekarri du hamarkada bat baino gehiago daramala “zinema areto askoren legez kanpoko jarduera salatzen, bere instalazioetatik kanpo erositako edari edo jatekoak sartzea debekatzen jarraitzen baitute”. Azken urtean, hamar kexa jarri dituzte kasuan kasuko kontsumo arloko arduradunen aurrean, eta erabiltzaileei ohartarazi die horrelakoak pairatuz gero kexakizun orriak eskatzeko.

riak eskatzeko.