Itxi

Zinema

Hogei film egin ditu

Daniel Day-Lewisek aktore lanari utziko dio

Agentziak | Erredakzioa

Britainiar aktoreak, gizonezko aktore nagusi gisa hiru Oscar sari lortu dituen bakarrak, hogei pelikulako filmografia bikaina utzi du.

  • Daniel Day-Lewisek hogei filmetan lan egin du guztira. Argazkia: Efe.

    Daniel Day-Lewisek hogei filmetan lan egin du guztira. Argazkia: Efe.

Daniel Day-Lewisek, bere belaunaldiko aktore onenetako batek eta hiru Oscarren jabeak, interpretazioan jarduteari utziko dio, Leslee Dart haren bozeramaileak ohar batean iragarri duenez.

“Daniel Day-Lewisek ez du aktore lan gehiagorik egingo. Esker ona adierazi nahi die urte hauetan guztietan ondoan izan dituen lankideei eta publikoari. Erabaki pertsonala da, eta ez berak ez bere ordezkariek ez dute honen inguruko beste adierazpenik egingo”, adierazi du Dartek.

Daniel Day-Lewisen (60 urte) azken filma “Phantom thread” Paul Thomas Andersonek 1950eko modaren munduaz eginiko lana izango da.

Hain zuzen ere, “There will be blood” Andersonen beraren filmean egindako lanak ekarri zion bigarren Oscarra Day-Lewisi. Gainerako biak “Lincoln” Steven Spielbergen lanak eta “Nire ezker oina” Jim Sheridanen pelikulak eman zizkioten.

Sariaren historian gizonezko aktore onenaren Oscarra hiru aldiz irabazi duen aktore bakarra da. Izan ere, Jack Nicholsonek eta Walter Brennanek ere hiru dauzkate, baina denak ez dira aktore nagusiaren atalekoak.

Day-Lewis bere aldakortasunak eta pertsonaien larruan muga-mugaraino sartzeko ahalmenak egin dute ezagun, eta beste bi aldiz ere izan da Oscarrerako hautagai, “In the name of the father” (Jim Sheridan) eta “Gangs of New York” (Martin Scorsese) filmetan egindako lanengatik.

Beste film ezagun askotan lan egin du, hala nola “The last of the mohicans”, “Xalotasunaren aroa”, “Nine”, “The crucible” eta “The boxer”.