Itxi

Zinema

Urriak 28 – Azaroak 3

'Errementari' filmak irekiko du Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Astea

eitb.eus

Paul Urkijo gasteiztar zinemagilearen filmaren Euskal Herriko estreinaldia izango da Donostiako jaialdiko proiekzioa. Aurretik, Sitgesen estreinatuko dute herri ipuin batean oinarritutako lan hau.

Urriaren 28an, larunbatarekin, Errementari (2017) Paul Urkijo gasteiztar zinemagileak zuzendutako filmaren proiekzioak Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Donostiako 28. Astea inauguratuko du, Antzoki Zaharrean. Emanaldi horrekin estreinatuko da filma Euskal Herrian, Sitgeseko zinemalditik igaro ondoren.

Kandido Uranga, Uma Bracaglia, Eneko Sagardoy, Itziar Ituño eta Ramon Agirre antzezleak agertzen dira "Patxi errementaria" herri ipuinean oinarrituta euskaraz filmatutako ipuin gotiko horretan.

Istorioari dagokionez, 1843an dago kokatuta, Lehen Gerra Karlista hasi eta 10 urtera. Arabako herrixka batean, Gobernuko komisario bat, Alfredo Patxi izeneko errementari arriskutsu eta bakarti batengana helduko da, gertakari bat ikertzen ari dela. Inguru horretako herritarren ahotik, hari buruzko istorio ilunak entzun ohi dira, lapurretekin, hilketekin eta deabruarekin egindako itunekin lotutakoak. Halako batean, ustekabean, Uxue izeneko neskatila umezurtz batek errementeria misteriotsuan sartzea lortuko du, eta hala aterako da argitara Patxi Errementariaren atzean dagoen egia izugarria.

errementari

Gainera, zinema jaialdiaren antolatzaileek bertan ikusi ahalko diren beste hainbat filmen berri eman dute, hala nola Les Affamés (Robin Aubert), Bad Black (Nabwana I.G.G.) ugandarra, Before We Vanish / Sanpo suru shinryakusha (Kiyoshi Kurosawa), Black Hollow Cage (Sadrac González-Perellón), The Crucifixion (Xavier Gens), The Endless (Justin Benson, Aaron Moorhead) Jupiter’s Moon / Jupiter holdja (Kornél Mundruczó) Siriako errefuxiatuen krisian oinarritutakoa, Meatball Machine Kodoku / Kodoku: Mitoboru mashin (Yoshihiro Nishimura), The Osiris Child: Science Fiction Volume One (Shane Abbess), Los resucitados (Arturo de Bobadilla) eta Revenge (Coralie Fargeat).

Bang! Bang!-en saio berezia

Urriaren 21ean, larunbatean, 19:30ean, Antzoki Zaharrean, Bang! Bang!-en beste saio bat izango da Beldurrezko Astearekin lankidetzan. Beetlejuice (Tim Burton, 1988) eta The Thing (John Carpenter, 1982) filmak emango dituzte.

dituzte.