Itxi

Zinema

ZINEMA JAIALDIA

Sexua ardatz duen filmak irabazi du azken urteotako Berlinalerik polemikoena

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Adina Pintilie zuzendari errumaniarrak irabazi du 68. Berlinalearen Urrezko Hartza. Estreinatu zenean, baina, filma ez zitzaien ez publikoari ez kritikari gustatu.

  • Adina Pintilie zuzendaria, Philippe Avril ekoizlea eta Tomas Lemarquis aktorearen erdian. Irudia EFE

    Adina Pintilie zuzendaria, Philippe Avril ekoizlea eta Tomas Lemarquis aktorearen erdian. Irudia EFE

Adina Pintilie errumaniarraren Touch me not filmak irabazi du Berlinalearen 68. edizioaren Urrezko Hartza. Erabakia ezustekoa eta polemikoa izan da, estreinatu zen egunean jende asko aretotik atera baitzen sexu eta sadomasokismo eszena luzeengatik, giza ukipenerako gaitasunik edo abileziarik ez duten pertsonen bakarrizketengatik eta euren sexualitatea osotasunean bizi duten ezinduen eszenengatik.

Gainera, Latindar Amerikako zinea ere saritu dute, Zilarrezko Hartz bana emanez, Las Herederas film paraguaytarrari eta Museo mexikarrari.

Aktoresa onenaren saria Ana Brun paraguaytarrak irabazi du Las Herederas filmean bere bikote menderatzailea izan den emakumearengandik banantzea lortzen duen emakumearen paperagatik, eta gizonezko aktorerik onenaren saria, berriz, Anthony Bajon frantziarrak jaso du, La Piere filmean otoitzaren bidez "bide onera" etortzen den drogazalearen paperagatik.

Epaimahaiaren Sari Nagusia Twarz film poloniarrarentzat izan da eta zuzendari onenaren saria Wes Andersonek jaso du Isle of Dogs animaziozko pelikulagatik.

Zinema jaialdiaren etorkizunari buruzko zalantzak

Berlinalearen 68. edizio honetan gaiztotuta egon da giroa hasieratik. Kosslick zuzendariaren kontratua 2019ko maiatzean amaitzen da eta Alemaniako zinegile esanguratsu batzuk ondorengoa modu gardenean aukeratzeko eskatu dute publikoki.

Gainera, edizioa hasi berritan, kritika ugari izan ziren lehiarako aukeratutako 19 filmetako batzuengatik eta nazioarteko izar gutxi joango zirelako. Eta amaitzeko, ez publikoaren ez kritikaren babesik jaso ez duen film bati garaikurra eman ostean, areagotu egin dira kritikak.

Gogoan izan behar da, dena dela, Berlinalea Cannes edo Veneziako zinema jaialdietatik bereizten duen ezaugarrietako bat, publikoarentzako zinemaldia izatea dela. 300.000 sarrera jartzen dira urtero salgai eta guztiak saltzen dira. Aurten ere bai.