Itxi

Zinema

Elkarrizketa

'Ulergarritasunak izan du pisu handiena ‘Errementari’ko euskaran'

Natxo Velez | eitb.eus

Gorka Lazkano “Errementari” filmeko euskara arduradunak ostiralean zinema aretoetara iritsiko den filmaren euskararen inguruko zertzelada batzuk eman dizkigu.

  • XIX. mendeko Arabako euskara berreskuratu dute filmean

    XIX. mendeko Arabako euskara berreskuratu dute filmean

Paul Urkijo zuzendariak argi zuen: ?Errementari? filma, ?Patxi errementaria? ipuinean oinarrituta eraiki duen pelikula (ostiralean, martxoak 2, estreinatuko da zinema areto komertzialetan), euskaraz egin behar zen, eta ideia bikaina iruditu zitzaion, arabarra izanik, XIX. mendeko Arabako euskararen kutsu bat ematea pertsonaiek darabilten mintzairari.

Filmean, euskara batua, Arabako euskara, Ataungoa (Jose Migel Barandiaran ipuina aurkitu eta zabaldu zuenaren omenez) eta Oiartzualdeko esamoldeak entzuten dira, eta bi bidaide izan ditu Paul Urkijok lantegi eder baina eskerga horretan: Gorka Lazkano pelikulako euskara arduraduna eta Koldo Zuazo hizkuntzalari eta ?Arabako euskara? liburuaren egilea.

Lazkanorekin hitz egin dugu, lan horren berri gehiago jakiteko.

Euskara ezberdin asko entzuten dira filmean. Nola antolatu duzue lana?

Alde batetik daude trataera motak (hika, zuka, berorika) eta erregistroak (hizkera jasoa, kolokiala?), eta, bestetik, euskalkien erabilera.

Lau aldaera erabili ditugu, nagusiak bi dira: erakundeetako ordezkariek (diputazioko komisarioak eta demonioek) euskara batuan egiten dute eta herriko jende xeheak ?arabarrez? egiten du.

Bestalde, narratzaileak Ataungoa egiten du (Barandiaranen omenez, hark jaso baitzuen Patxi errementaria ipuina), eta herrian salerosketan dabilen kinkilari batek Oiartzualdeko moduko bat, kanpotik datorrela markatzeko.

errementari

Filmean herritar xeheek darabilten Arabako euskara berreskuratzeko, Juan Bautista Gamiz (Sabando, 1696 - Bolonia, 1773) idazlearen testuetan oinarritu zarete. Zergatik aukeratu duzue idazle hori?

Gamizek Arabako hiru azpieuskalkietatik ekialdeko aldaeran egiten zuen. Pelikula inguru hartan kokatuta dago, Arabako Mendialdean (herriaren kanpoaldeak Korresen eta Antoñanan grabatu ziren), eta garaia XIX. mende erdialdea da. Ezagutzen direnen artetik, Gamiz da istorioaren garaira eta tokira gehien hurbiltzen dena.

Baina horren gainetik, garrantzitsuena zera da: erdialdeko euskaratik hurbilago dago, eta euskaldun gehienentzat ulergarriak izan daitezke haren hizkeraren ezaugarriak.

Zer ezaugarri zehatz ditu sortu duzuen hizkera horrek?

Adibide batzuk jartzearren:

· deklinabidean, horrekin > horregaz, amarena > amana;

· -a letrarekin amaitutako hitzak + a > -ea egitea (alaba > alabea);

· partizipioetako amaierako i kentzea (ikus dot);

· ezan erroa egin bihurtzea eta aditzak -tu mantentzea (hartu egizu);

· komunztadurarik eza kasu batzuetan (eskuak dezu leun?);

Aplikatutako ezaugarri gehienak Gamizenak dira, hitz batzuk ere bai, baina badira, adibidez, Landuccik XVI. mendean Gasteizen jasotako zenbait hitz (kanpai > kanpae?), edo Lazarragarenak (non > nun?), Sakanako hitzen bat (panpina > popiña?) eta abar.

Aditzak Urdiaingoak dira (Burunda), eta hori da seguruenik ezaugarririk ?exotikoena?. Nahasketa bitxia da, batzuetan mendebaldeko euskararen antza hartzen zaio, Goierri aldekoa ere bai, Burundakoa?

Zelan zaindu duzu ulergarritasunaren eta fideltasunaren arteko oreka?

Azken erabakian, beti izan du pisu handiagoa ulergarritasunak. Hasieran gehiago tematu nintzen ahalik eta ezaugarri gehien sartzearekin. Hor ondo etorri zitzaidan Koldo Zuazoren begirada, jakiteko zer erabili eta zer ez.

Adibidez, aurreko bertsioetan ?p? eta ?b? zuten hitz batzuk ?f?-rekin jarri nituen (zufia, zafia?), eta halako beste hainbat. Ulergarritasunaren alde, sinpletu egin behar zela konturatu nintzen, baina.

Beste kasu batzuetan, berriz, aktoreen lana errazteko aldatu nituen gauzak. Adibidez, umeen azalean jartzen nintzen, eta pentsatzen nuen: ?Jode, hauek nahikoa lan dute interpretatzen, gainera testuarekin gehiago zailtzeko??. Hala, esaldiak eraikitzeko moduan ere sinpletzera jo nuen.

Helburua ez da izan saiakera filologiko bat egitea. Ikusi dugu elementu identifikatzaile batzuk bakarrik erabiliz lor daitekeela bilatzen genuen ?kutsu? hori.