Itxi

Zinema

Irabazleen izenak

'Faust' filmeak Veneziako Mostraren Urrezko Lehoia irabazi du

Erredakzioa

Asiako zinemak jaialdiaren sari gehienak eskuratu ditu: Zilarrezko Lehoia Shangjun Cairentzat eta aktore onenaren saria Deannie Yipentzat. Gizonezkoen aktore onena Michael Fassbender izendatu dute.

01:44
'Faust' filmak jaso du Veneziako Urrezko Lehoia

Alexander Sokurov Errusiako zinemagileak zuzendutako Faust filmeak Veneziako Mostraren 68. edizioaren Urrezko Lehoia irabazi du. Sokuroven zintak Goetheren klasikoaren berrikuspena egin du eta azken egunotan zinemaldiko saririk handiena jasotzeko faboritoen artean zegoen. Darren Aronofosky buru den epaimahaikideek aho batez hartu dute erabakia.

"Funtsezkoa zen niretzako jendeak filmea ikustea, hau da, jendearengana hurbiltzea. Hura zen gure asmoa Veneziara etortzean. Eta gauza harrigarri bat jazo da: gure mezua ulertu egin dute eta hau ez da beti gertatzen", azaldu du Sokurovek sari banaketaren ostean egindako prentsaurrekoan.

Veneziako zinemaldian entzute handiko izena Steve McQueenek zuzendutako Shame filmea zen. Izar kopuru handia zuen lan honek kinielek esandakoa bete du eta Michael Fassbender aktore protagonistak gizonezkoen aktore onenaren Volpi Kopa eskuratu du.

"McQueenek nire bizitza aldatu du. Gidoia oraindik ikusi ere egin gabe, filme honi buruz hitz egin zidan eta hura egitea onartu nuen. Aurre egin nahi ez diegun gauzei buruz ari da beti Steve, gure barneko gauza desatseginei buruz", adierazi du Fassbenderrek komunikabideen aurrean.


Asiako zinemak sari anitz lortu ditu

Epaimahaiaren Aipamen Berezia Emanuel Crialese italiarrak zuzendutako Terraferma filmearentzat izan da. Hortik aurrera, sari gehienak Asiako zinemak eskuratu ditu: Txinako Shangjun Caik Zuzendari Onenaren Zilarrezko Lehoia lortu du. Txinaren eta Hong Kongen artean ekoiztutako Ren Shan Ren Hai (People Mountain People Sea) lanak esklabotzaren aurrean gizateriak duen jarrera salatu du.

Halaber, emakumezkoen aktore onenaren Volpi Kopa Deannie Yip Txinako eskarmentu handiko aktorearentzat izan da, Tao Jie (A Simple Life) filmean egindako lanagatik.


Gainontzeko irabazleen izenak

- Gidoi onenaren Osella saria: Yorgos Lanthimosentzat eta Efthimis Filippouentzat Alpis lanagatik (Grezia).

- Argazkilaritza eta ekarpen tekniko onenaren Osella saria: Robbie Ryanentzat Wuthering heights filmeagatik (Erresuma Batuko Andrea Arnoldek zuzendutakoa).

- Interpretazio talentu berriaren Marcello Mastroianni saria: Shôta Sometani eta Fumi Nikaidô aktoreentzat, Himizu lanagatik (Japonia).

- Etorkizuneko Lehoia, lehen lan onenaren saria: Italiako Gido Lombardik zuzendutako Lá-bas zintarentzat.