Itxi

Zinemaldia

63. ekitaldia

Gaur amaituko da Donostiako Zinemaldia, 'London Road' filmarekin

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

ETB-1ek eta eitb.eus atariak zuzenean eskainiko dute itxiera ekitaldia 21:00etatik aurrera.

  • 'London Road' filmaren lantaldea. Argazkia: EFE

    'London Road' filmaren lantaldea. Argazkia: EFE

London Road film britainiarrak emango dio amaiera Donostiako Zinemaldiaren 63. ekitaldiari. Lehiaketaz kanpo eskainiko dute aipaturiko pelikula eta Rufus Norris zuzendariak azaldu duenez, esperimental bokazioa eta mezu politiko indartsua duen musikala da.

Tom Hardy eta Olivia Colman dira benetako gertakarietan oinarrituta dagoen filmeko protagonista nagusiak; zehazki, 2006ko abenduan Ipswich hiritik gertu, Suffolk konderrian, hil zituzten prostituten istorioa kontatzen da.

Norris zuzendariak berak zuzendu zuen antzezlan musikalaren egokitzapena da London Road, eta bertan hiltzailea bizi zen kaleko bizilagunen benetako testigantzak jasotzen ditu.

Itxiera ekitaldia, zuzenean ETB-1en eta eitb.eus atarian

London Road filmaren emisioaren aurretik, alabaina, 2015eko Zinemaldiko irabazleen zerrenda ezagutaraziko da 21:00etan Kursaal jauregian hasiko den itxiera ekitaldian. ETB-1ek eta eitb.eus atariak zuzenean eskainiko dute itxiera ekitaldia 21:00etatik aurrera.

Espainiako prentsak Truman pelikula saritu du

Espainiako zinema arloko kazetariak batzen dituen AICE elkarteak Feroz saria eman dio Cesc Gay zuzendarien Truman pelikulari eta Donostiako Zinemaldiko Sail Ofizialeko pelikula onenaren izaera aitortu dio.