Itxi

Zinemaldia

Zinemaldia

Zinemaldia

Estreinaldia

'Igelak': has daiteke zerotik?

Natxo Velez | eitb.eus

Patxo Telleria zuzendariak “Igelak” komedia estreinatuko du gaur Donostiako Zinemaldian. Abenduan helduko da zinema aretoetara etxegabetzeen aferan girotutako erredentzio istorioa.

  • Miren Gaztañaga eta Gorka Otxoa dira "Igelak"eko protagonistak

    Miren Gaztañaga eta Gorka Otxoa dira "Igelak"eko protagonistak

Pobrezia eta krimena nagusi diren giro postapokaliptikoa aurkezten digu hasieratik “Igelak” Patxo Telleriaren filmak, “Izarren hautsa” kantuaren jazz bertsioaren doinupean, eta, hain zuzen ere, Xabier Letek idatziriko hitzen txatal bat da musikari pisu handia ematen dion filmeko ardatzetako bat: “Sortu ahal dugu gure aukera bizitzan?”.

ETBren parte-hartzea duen filmak, nolanahi den, markotzat aurkezten du etxegabetzeen eta krisi-tzat izendatu duten iruzurraren gaia, ez du gehiegi sakontzen ebaste bidegabearen nondik norakoetan. Entretenitzeko xedez sorturiko lanari dagokionez -jendeak gustura ikusteko pelikulatzat deskribatu du Telleriak filma-, “izorratzaile” gisa elikatu duen sistemak irenstear dagoenean bere burua “izorratuen” aldean aurkitzen duen protagonistaren (Gorka Otxoa) balizko erredentzioaren istoriora eta endreduetara lerratzen da gidoia.

Musika eta umorea dira nagusi musikalen egiturari jarraitzen dion filmean (Ainhoa Arteta, Gatibu soinu bandaren egileak, Natxo de Felipe, Francis Doctor Deseokoa, Gose, Gari, Iñaki Salvador eta Oreka TX agertzen dira, besteak beste, eta Miren Gaztañaga aktorea ere aritzen da kantuan), eta harrapariak eta harrapatzaileak horretarako jaio ote diren edo erredentzioa posible ote den galdera plazaratzen du, baita, idorte handienaren ostean ere, euria irits daitekeela erakutsi ere!