Itxi

Zinemaldia

Zinemaldia

Zinemaldia

IREKIERA

Zinemaldian murgildu da Donostia

EITB.EUS

Wim Wenders zinegilearen Submergence filmak eman dio hasiera Zinemaldiaren 65. ekitaldiari. Gala berean, Aki Kaurismäki zuzendariak Fipresci saria jaso du.

  • 2017ko Zinemaldiaren irekiera ekitaldia. Argazkia: EiTB

Inaugurazio galak eman dio hasiera Donostiako 65. Zinemaldiari, eta datozen bederatzi egunetan zinemak "inbadituko" du hiria. Galan, Aki Kaurismäkiri Fipresci Sari Nagusia eman zaio, Toivon tuolla puolen /The Other Side of Hope filmarengatik eta, ondoren, Wim Wendersen Submergence pelikula eskaini da.

Leticia Dolera eta Anne Igartiburu aktoreek egin dituzte aurkezle lanak, 21:00etatik aurrera Kursaal jauregian egin den ekitaldian.

Ondoren, hainbat protagonista igo dira eszenatokira. Zinemaldia inauguratu duen Submergence filmeko taldeak, Wim Wenders zuzendariak eta Alicia Vikander aktore protagonistak, film hori bera aurkeztu dute. John Malkovich aktoreak, berriz, hitzaldi labur bat egin du.

Fipresci Sari Nagusia jaso duen Aki Kaurismäki zinegileak, berriz, Europan humanitate falta dagoela nabarmendu du bere hitzaldian.

Gala ixteko, Leticia Dolera aurkezleak euskarari keinu egin dio: hizkuntza polita dela adierazi eta hitz batzuk ere esan ditu.

SAIL OFIZIALA

Guztira 25 pelikula izango dira Zinemaldiaren Sail Ofizialean: hemezortzi lehiaketa barruan, hiru lehiaketatik kanpo (The Wife, La Peste eta Marrowbone) eta lau emanaldi berezi (Morir, Au Revoir Là Haut, Wonders of the Sea 3D eta Fireworks, should we see it from the side or the bottom).

Sail Ofizialean lehiatuko diren filmen artean nabarmentzekoa da Handia, Aitor Arregik eta Jon Garañok zuzendutako filma. Zinema aretoetara iritsi baino hilabete eskas lehenago, Urrezko eta Zilarrezko Maskorretarako lasterketan arituko da, beraz, Altzoko Handiaren bizitzaren nondik norakoetan oinarritutako filma.

Loreak eta Amama pelikulen ostean, hiru urtean Sail Ofizialean erakutsiko duten euskarazko hirugarren filma izango da ETBren parte-hartzea duen istorioa.

Sail Ofizialean erakutsiko den Fernando Francoren Morir filmak ere ETBren parte-hartzea du. Fernando Francok La herida egin ostean zuzendutako bigarren filma da, eta Marian Alvarez Zilarrezko Maskorraren irabazlea du aktore taldean.

DONOSTIA SARIAK

Monica Bellucci aktore italiarrak, Agnes Varda zinemagile belgikarrak eta Ricardo Darin aktore argentinarra jasoko dute aurten Donostia saria Zinemaldian.

Bellucci aktore italiarrari Anoeta belodromoan egingo den ekitaldian emango diote saria irailaren 27an (asteazkena), Varda zinemagileari Victoria Eugenia antzokian irailaren 24an (igandea) eta Kursaal jauregian emango diote Ricardo Darin aktore argentinarrari irailaren 26an (asteartea).

EUSKAL ZINEMA

Hamalau euskal ekoizpen izango dira Donostiako 65. Zinemaldiko zortzi sail eta programetan. Horietako zazpiren nazioarte mailako estreinaldia hartuko du, gainera, Donostiak, eta, horrenbestez, Euskal Zinemaren Irizar saria lortzeko lehiatuko dira lan horiek.

Zinemira sailak hiru film hartuko ditu: Eñaut Castagnet eta Ximun Fuchs Le Petit Theatre de Pain antzerki konpainiaren sortzailea fikzio zinematografikoaren alorrean estreinatuko dira Non filmarekin; Bi txirula gogoetarako bidaia Iñigo Garciaren fikziozko lehen film luzea da; eta Pablo Iraburuk, Migueltxo Molinak eta Igor Otxoak Elkarrekin-Together zuzendu dute. Euskal Zinema eta ETBren Galako emanaldirako aukeratu dute azken film hori. Horren istorioak AEBko ekialdeko kostaldean dagoen uharte urrun batera eramango ditu ikusleak, euskal arkeologoen espedizio bati jarraituta.

Zinemira saila lehiaketaz kanpo parte hartuko duten bi filmekin osatuko da: Converso, David Arratibelen bigarren filma, eta Nur eta herensugearen tenplua, Juanba Berasategik (Pasaia, 1951-2017) zuzendutako azken pelikula.

Sail Ofizialean parte hartuko duten Morir eta Handia ere euskal film onenaren sarirako hautagai izango dira. Halaber, Operación Concha Antonio Cuadri zuzendariaren filma ere saria lortzeko lehian izango da, Jordi Mollà, Karra Elejalde, Unax Ugalde, Ramon Agirre eta Barbara Goenaga protagonista dituela. Film horrek ere ETBren parte-hartzea du. Irizar sariaren epaimahaiak kontuan hartuko ditu Volar Bertha Gaztelumendiren filma eta Plágan Koldo Almandozen film laburra ere, Zabaltegi-Tabakalera sailean emango dena.

EUSKAL ZINEMAREN ETA ETB-REN GALA

Euskal Zinema eta ETBren Galan, irailaren 26an, asteartearekin, Elkarrekin-Together ETBren parte-hartzea duen filma proiektatu eta Zinemira ohorezko saria emango dute Victoria Eugenia antzokian.

Euskal zinemagintzaren alorreko pertsona ospetsu baten ibilbidea aitortzeko aintzatespen hori Julia Juaniz muntatzaileak jasoko du aurten, aurretik Imanol Uribek (2009), Alex Angulok (2010), Elias Querejetak (2011), Michel Gaztambidek (2012), Juanba Berasategik (2013), Pedro Oleak (2014), Karmele Solerrek (2015) eta Ramon Bareak (2016) egin zuten bezala.

Hirurogei produkzio baino gehiago muntatu ditu Juanizek (Arellano, Nafarroa, 1956), bai zuzendari ezagunenak (Carlos Saura, Víctor Erice, Daniel Calparsoro, Mercedes Alvarez, Rafael Gordon, Ramon Barea, Alberto Morais, Ines Paris) bai euskal zinemagile gazteenak (Alberto Gorritiberea Jabi Elortegi, Pedro Aguilera eta Arantza Ibarra).

Bi aldiz izendatu dute Juaniz muntaketa onenaren Goya sarirako, eta El cielo gira filmak Espainiako Kritikari Zinematografikoen Zirkuluaren saria ekarri zion.

EPAIMAHAIA ETA ALFONBRA GORRIA

John Malkovich izango da Sail Ofizialeko epaimahaiaren burua, eta, besteak beste, Dolores Fonzi eta Emma Suárez antzezleak, William Oldroyd zinemagilea, Paula Vaccaro ekoizle eta gidoilaria, Jorge Guerricaechevarría gidoilaria, André Szankowski argazki-zuzendari brasildarra eta Fabio Cianchetti argazkilaritza zuzendaria izango ditu epaimahaikide.

Horiez gain, hauek ere izango dira aurten Zinemaldian: Javier Bardem, Berenice Bejo, Steve Coogan, Glenn Close, Penelope Cruz, James Franco, Jean-Pierre Leaud, Benoît Magimel, Arnold Schawarzenegger, Paz Vega eta Alicia Vikander.

Aurten, Darren Aronofsky, Raymond Depardon, Ildiko Enyedi, Robert Guediguian, Todd Haynes, Aki Kaurismäki, Hirokazu Koreeda, Ruben Östlund, Lynne Ramsay, Carlos Saura, Wim Wenders, Michael Winterbottom eta Frederick Wiseman zuzendariek beren filmak aurkeztuko dituzte Donostian.