Itxi

Zinemaldia

Zinemaldia

Zinemaldia

SAIL OFIZIALA

'Handia', Altzoko handiaren eta bere anaiaren arteko istorioa

O.A. | EITB.EUS

Zinemaldiko Sail Ofizialean lehiatu ostean, urriaren 20an helduko da zinema aretoetara Jon Garañok eta Aitor Arregik zuzendutako filma.

1:45
Argazkia: EFE

Donostiako Zinemaldian ikusmin handia zegoen Handia filma ikusteko eta, oro har, publikoaren artean harrera ona izan du. Sail Ofizialean aurkeztu dute, eta Jon Garañok eta Aitor Arregik zuzendutako eta EITBk babestutako filma Urrezko Maskorra irabazteko lehian izango da. Lehen proiekzioaren ostean, Jon Garañok nabarmendu duenez, Handia Altzoko handiari (Miguel Joaquin Eleizegui) eta bere anaiari (Martin Eleizegui) buruzko pelikula bat da. Zinemaldian Handia ikusteko sarrerak agortuta daude, baina urriaren 20an helduko da zinema aretoetara. Aurrez, Altzoko handiak egin zuen modura, Handia Londresera joango da bi aste barru, bertako zinema jaialdian parte hartzeko.

Jon Garañok badaki Zinemaldian parte hartzea zer den; izan ere, Jose Mari Goenagarekin batera zuzendu zuen Loreak filma Sail Ofizialean lehiatu zen. Oraingoan, ordea, Aitor Arregik eta biek zuzendutako filma aurkeztera etorri da. Loreak eta Handia filmen arteko konparazioaz galdetuta Aitor Arregik prentsaurrekoan adierazi duenez, Loreak eta Handia bi istorio oso ezberdin dira eta "bakoitzak bere autonomia izatea" nahi dute. Aitzitik, beraiek loturak aurkitzen dituztela azpimarratu dute. Halaber, Loreak filmak orain Handia egiteko ateak zabaldu dizkiela aitortu dute; izan ere, 3,5 milioi euroko aurrekontua izan du.

Prentsaurrekoaren hasieran kontu bat argitu nahi izan du Jon Garañok: "Handia ez da Altzoko handiari buruzko pelikula bat, Altzoko handiaren eta bere anaiaren arteko harremanari buruzko pelikula bat baizik". Miguel Joaquin eta Martin anaien arteko harreman hori azpimarratu dute behin eta berriro. Miguel Joaquin, Altzoko handia, etengabe hazten, aldatzen ari da; aldi berean, ordea, tradizioari eutsi nahi dio. Martin anaiak, ostera, aldatu egin nahi du. Pelikulan behin eta berriz ikusten da bi mundu horien talka hori. Hala ere, elkarren osagarri dira, yin eta yang bezala.

Halaber, aldaketen inguruko hausnarketa bat egiten du pelikulak. Bertan kontatzen denez, aldaketak etengabeak dira, nahiz eta askotan ezer ez dela aldatzen dirudien. "Aldaketak saihestezinak dira eta egokitu egin behar duzu, baina egokitzea ona da edo ez?", esan du Aitor Arregik zuzendariak.

Munstro baino, pertsona bezala erakutsi nahi izan dute Miguel Joaquin Eleizegui Handia pelikulan. Altzoko handia 1818an jaio zen Ipintza baserrian eta 20 urtetik aurrera, gaixotasun baten ondorioz, izugarri hazten hasi zen; 2,42 metro neurtzera eta 203 kilo pisatzera iritsi omen zen.

 

 

SINOPSIA

Lehen Karlistaldian borrokatu ostean, Martin Gipuzkoako bere etxera itzuliko da, eta han, harrituta, bere anaia gazte Joakin ohikoa baino askoz ere handiagoa dela aurkituko du. Mundu osoak Lurreko gizon handiena ikusteko ordaindu nahi izango duelakoan, bi anaiek bidaia luze bati ekingo diote, Europan zehar. Bidean, anbizioak, diruak eta ospeak betirako aldatuko dute familiaren patua. Benetako gertakarietan oinarritutako istorio bat.