Itxi

Zinemaldia

Zinemaldia

Zinemaldia

IRAILAK 28

James Francoren film berriena, 'The Disaster Artist', gaur Sail Ofizialean

O.A. | EITB.EUS

Horrez gain, Urrezko Maskorraren lehian arituko diren beste bi pelikula ere ikusgai izango dira: 'Life and nothing more' eta 'Beyond words'.

  • James Francoren 'The disaster' pelikula berriko fotograma bat. Argazkia: Warner Bros

Atzo aurtengo hirugarren eta azken Donostia Saria banatu ostean, Donostiako Zinemaldia azken txanpan sartu da. Gaur, osteguna, Urrezko Maskorraren lehian arituko diren hiru pelikula berri ikusi ahal izango dira Sail Ofizialean: The Disaster Artist, Life and nothing more eta Beyond words.

James Franco The Disaster Artist komediaren zuzendari, ekoizle eta protagonista da, eta "pelikula txarren Citizen Kane"a dela esan izan den The Room pelikularen filmaketa kontatzen du.

JAMES FRANCO DAVE FRANCO ZINEMALDIA EFE (3)

James eta Dave Franco, Donostian. Argazkia: EFE

Aktore gisa lan egiteko baztertuak izan ostean, beren filma aurrera ateratzeko Tommy Wiseau eta Greg Sestero lagunek egindako ahalegina kontatzen du The Disaster Artist pelikulak.

James Francok Zinemaldian egindako prentsaurrekoan adierazi duenez, "artista bazara eta pertsona sortzailea izan nahi baduzu, askotan jasoko dituzu ezezkoak, baina borrokatu egin behar duzu lortzeko". Haren esanetan, bere helburua ez zen The Room filmaren parodia bat egitea: "Sekretua artista gisa beraiek ulertzea izan da, beraien borroka gurea balitz bezala ulertzea".

Benetako pertsona bat interpretatzearen zailtasunaz galdetuta, James Francok esan du bere mugimenduak eta keinuak aztertzeaz gain, pertsonaren barrua ere ezagutu nahi izan duela bere jokabidea ulertzeko. Azaldu duenez, hori da karikatura bat ez egiteko bidea.

Antonio Mendez Esparza zuzendariaren Life and Nothing More filmak 14 urteko seme bat duen Floridako (AEB) ama baten istorioa kontatzen du.

Urszula Antoniak poloniarrak Beyond Words bere laugarren filma erakutsiko du zinema jaialdiko Sail Ofizialean: abokatu gazte eta asmo handiko bati mingarria izango zaio bere sustraiekin bekoz beko aurkitzea.

BEYOND WORDS ZINEMALDIA EFE

Beyond Words pelikulako lantaldea. Argazkia: EFE

Bestalde, Zinemira sailean, lehiaketatik kanpo, Nur eta herensugearen tenplua animaziozko pelikula erakutsiko dute, hain zuzen ere, Juanba Berasategik (Pasaia, 1951-2017) zuzendutako azken pelikula. Toti Martinez de Lezearen ipuin batean oinarrituta, Nur neskatxoaren istorioa du kontagai pelikulak. Txinara joan da bizitzera, gurasoekin batera, eta egun batean bertan egindako lagun baten urtebetetzea ospatuko dute.