Itxi

6 Argazkitan

Gaur, ETB1en

Atutxaren bizitzaren errepasoa, '6 Argazkitan' saioaren estreinaldian

A.A.

EiTB

Pedro Mari Goikoetxea kazetariaren laguntzaz, bere bizitzako hainbat pasarte ekarriko ditu gogora Juan Mari Atutxa politikari ezagunak.

Juan Mari Atutxaren bizitzaren errepasoa egingo du '6 Argazkitan' saio berriak gaur, 21:30ean, ETB1en. Egun Sabino Arana Fundazioko presidente den eta politikagintzan ibilbide luzea egin duen gizona gertutik ezagutzeko parada izango dute ikus-entzuleek.

Pedro Mari Goikoetxea kazetariak gidatuko duen saioko lehen protagonista izango da Atutxa. Haren ondotik, Anjel Mari Peñagarikano bertsolaria, Julian Retegi pilotari ohia, Jone Goirizelaia abokatua, Xabier Amuriza bertsolaria eta Juan Mari Uriarte gotzain emeritua ezagutuko ditugu '6 Argazkitan'.

Sei argazki horiek euren bizipenen bildumatik aukeratutako erretratuak izango dira, pertsonaiarentzat esanguratsuenak direnak: familia-argazkiak, gertaera bereziak, lorpenak...

Argazki bakoitzak daukan istorioa azalduko digu pertsonaiak. Horretarako, ahal den heinean, gure protagonistarekin batera pasarte horietan agertzen diren lagunak, familiako kideak eta beste pertsonak bilduko dituzte. Argazki bakoitza atera zen lekuan izango dira, momentu hartako oroitzapenak konta ditzaten eta une hura berriro 'bizitzeko' eta gogorarazteko.

Pedro Mari Goikoetxeak gidatuko du '6 Argazkitan' saio berria. Kiroletan trebatutako kazetaria da Goikoetxea eta Euskal Telebistan lanean dihardu sorreratik. 1991. urtetik 'Boxeo Izarrak' saioa zuzentzen du, eta bestelako kirol jardueren berriemaile lanak ere egin izan ditu urte hauetan guztietan. Egun, txirrindularitza emanaldien arduraduna ere bada. Iaz, Iribar, irudia eta eredua liburua argitaratu zuen, Jose Angel Iribarren ibilbidea biltzen duena.