Itxi

telebista

Ostegunean, 23:25ean

Nerea Rodriguez, gaur gauean, 'Sanferminak 2014' saioan

A.H.

EITB

Solasaldirako tartean, Hedoi Etxarte eta Reyes Ilintxeta kazetariak bilduko dira, eta San Fermin jaiek eman duten guztiaren errepasoa egingo dute.

Gaur, Ilaski Serrano eta Urko Aristi aurkezleek Nerea Rodriguez izango dute gonbidatu 'Sanferminak 2014' saioan. Nerea Rodriguez kimikaria da izatez, baina telebistako hainbat saiotan parte hartu du solaskide modura, eta ETB1 udazkenerako prestatzen ari den saio berri bateko aurkezlea izango da. Telebistaren inguruko hainbat kontu azalduko ditu Nereak, baita Sanferminak berarentzat nolakoak diren ere.

Bestalde, solasaldirako tartean, Hedoi Etxarte eta Reyes Ilintxeta elkartuko dira. Hedoi Etxarte idazle eta poeta iruindar eta Euskadi Irratiko kolaboratzaileak jai hauen inguruan duen ikuspuntu berezi eta alternatiboa emango du. Reyes, aldiz, Euskal Herria Irratiko esataria da, saltsera hutsa, eta egunak eman duen guztiaren errepasoa egingo du aurkezleekin batera.

Bestetik, erreportajeei dagokienez, Unai Etxabek Sarasate pasealekuan egunero egoten den giroa jasoko du, jota kantari batzuen bidez. Raices Navarras taldeari elkarrizketa egingo dio Nafarroako joten inguruan, eta aurtengo Sanferminetan entzuten den kanturik ezagunena zein den ikertzen ibiliko da.

Ainhoa Irazustak, berriz, entzierroa bertatik bertara ikusiko du, atzerritarrentzat bisita gidatuak egiten dituen enpresa baten eskutik. Incoming Navarra enpresarekin eta atzerritar talde batekin, Estafeta kaleko balkoi batera igoko da entzierroa ikustera. Ondoren, alde zaharrean beste bisita gidatu bat egingo du Ainhoak, Sanferminetako txoko eta zapore ezagunenak ezagutzeko.

Saioak, gainera, osteguneko su artifizialak eskainiko ditu. Iazko Sanferminetako lehiaketa irabazi zuen su-etxearen txanda izango da ostegunean, Madrilgo Vulcano piroteknia etxearena, alegia.

Gaurko 'Sanferminak 2014' saioa 23:30ean hasiko da, ohi baino beranduago, 'Stars. Izarrak Kalean' saioaren ostean, ETB1en.

  • Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
  • Sanferminak 2024