Itxi

telebista

Gaur, zuzenean

Berasaluze II-Zubieta / Artola-Albisu, ETB1en eta eitb.eus-en

A.A.

EiTB

Fuenlabrada-Bilbao Basket saskibaloi partida eta Juan Mugerza Krosa ere zuzenean emango dira.

  • Berasaluze eta Zubieta

    Berasaluze eta Zubieta

ETBren gaurko kirol eskaintzaren barruan, Eskuz Binakako Txapelketako Berasaluze II-Zubieta eta Artola-Albisu bikoteen arteko norgehiagoka izango da ikusgai. Eibarko Astelenatik egingo den pilota emanaldia, ohi denez, 17:00etan hasiko da. Beste bi partida ere jokatuko dira: Jaka-Merino I eta Altuna III-Irusta bikoteen artekoa, eta Apezetxea-Tolosa eta Mendizabal III-Larrinaga bikoteen artekoa. Xabier Euzkitze, Joxan Tolosa eta Elena Azpeitia arduratuko dira kontakizunaz.

Goizean, 12:00etan, Endesa Ligaren leihoa zabalduko dute, 18. jardunaldiari dagokion Fuenlabrada-Bilbao Basket neurketa eskaintzeko. Xabier de la Fuente eta Josean Aldalur izango dira esatariak.

Bi emanaldiok ETB1en eta eitb.eus-en izango dira ikusgai. ETB4k, bere aldetik, Elgoibarren jokatuko den Juan Mugerza Krosa eskainiko du zuzenean, 12:30ean hasita. Juanan Legorburu eta Xabier Leibar izango dira berriemaileak, eta internet bidez ere zuzenean jarraitzeko aukera izango da.

Bestalde, 11:00etan, ETB1ek, aurreko igandean Aian jokatutako harri-jasotze neurketari egingo dio tartea. Idoia Etxeberriak eta Jokin Eizmendik ezarritako marka berrien inguruko kontakizuna egingo du Ibon Gaztañazpik. Etxeberria oriotarra lehen emakumea izan da 138 kiloko zilindro zaharra hiru aldiz jasotzen, eta Eizmendi zarauztarrak garai bateko Euskadiko Harri Handien Txapelketan erabiltzen ziren harriekin egin du errekorra.

Amaitzeko, 'Gol Festa' saioan futbol jardunaldiaren analisia egingo du Mikel Olazabalek partiden laburpenen bitartez, 19:30etik aurrera. Athleticek Malagaren aurka jokatuko duen partida izango da eguneko arretaguneetako bat.