Itxi

telebista

Txirrindularitza

Euskal Herriko Itzuliaren jarraipen zabala, EiTBn

A.E.

EiTB

Egunero ETB1ek, Euskadi Irratiak, Radio Euskadik eta eitb.eus-ek jardunaldiaren berri emango dute.

0:17

EiTBko hedabideek jarraipen berezia egingo diote Euskal Herriko Itzuliaren 55. edizioari. Etapa bakoitzeko azken kilometroak zuzenean emango dituzte Euskal Telebistak, Euskadi Irratiak, Radio Euskadik eta eitb.eus-ek. Halaber, albistegi zerbitzuetan lasterketaren informazio osoa eskaintzeaz gainera. eitb.eus-en probaren inguruko albiste eta irudi guztiak topatuko ditugu.

Bilbo-Bilbo, Bilbo-Gasteiz, Gasteiz-Zumarraga, Zumarraga-Arrate, Eibar-Aia eta Aia-Aia izango dira aurten lasterketa osatzen duten sei etapak. Aian lehiatuko den azken etapa erlojuaren kontrako saioa izango da, eta 18,3 kilometroko luzera izango du.

Euskal Telebista

ETB1ek eta ETB HD kateak arratsaldero egingo du bat lasterketarekin zuzen-zuzenean 15:00etan. Fermin Aramendi eta Xabier Usabiaga eguneko helmugan izango dira eta Alfonso Arroiok motorretik jarraituko du itzulia.

Zuzeneko emankizuna ikusterik ez dutenentzat, ETB4k berriro eskainiko du 20:30ean. Bestalde, eguerdiko 'Gaur Egun' eta 'Teleberri' albistegietan zuzeneko konexioak egingo dituzte lasterketaren inguruko azken berriak jasotzeko eta gaueko saioetan etaparen laburpena eta elkarrizketak eskainiko dituzte.

Euskadi Irratia

Euskadi Irratiak saio berezia egingo du egunero 15:30etatik 17:00etara. Joxe Mari Apaolazak, Arritxu Iribarrek eta Kepa Iribarrek egingo dute lasterketaren kontaketa Txomin Perurena eta Mikel Astarloza adituen laguntzaz. Aurretik, egunero 12:05ean lehen konexioa egingo dute Arritxu Iribarren eskutik eta Iribarrek 13:30ean, elkarrizketak egingo ditu eta etaparen egoera aztertuko du Xabier Usabiagaren laguntzaz. Horrez gain, 19:30ean Kepa Iribarrek etaparen laburpena egingo du.

Radio Euskadi

Radio Euskadik ere adi-adi jarraituko du Euskal Herriko Itzulia. Arratsaldero saio berezia egingo dute lauretatik bost eta erdiak arte, zuzeneko konexioak orduz orduko albistegietan eta etapa hasieraren kontaketa 'Kilometro Cero' saioan. Motoa eta unitate ibiltaria izango dute lasterketa jarraitzen. Alberto Negro buru duen esatari taldea Dani Egañak, Cesar Perez Gazolazek eta Joseba Belokik osatuko dute.

eitb.eus

eitb.eus-en, Euskal Herriko Itzuliaren webgune berezian lasterketa zuzenean jarraitu ahal izango da. Gainera, albisteak, argazkiak eta bideoak; lasterketaren historia; etapa bakoitzaren ibilbidea eta sailkapenak; txirrindulariei buruzko informazioa; eta abar topa ditzakegu bertan.