Itxi

telebista

M24

Hauteskunde gaueko informazio osoa, EiTBn

A.E.

EiTB

Egunean zehar informazioa eskaintzeaz gainera, albistegi eta tarte bereziak izango dira gauean ETBn, Euskadi Irratian, Radio Euskadin, Radio Vitorian eta eitb.eus-en.

Maiatzaren 24ko hauteskundeak zuzen-zuzenean eta bertatik bertara jarraitzeko aukera eskainiko du EiTBk Euskal Telebista, Radio Euskadi, Euskadi Irratia, Radio Vitoria eta eitb.eus-en bidez. Egunean zehar hedabide ezberdinetan berri emateaz gainera, 19:20etik aurrera saio bereziak hasiko dira.

Telebistako informazioari dagokionez, ETB2n Estibaliz Ruiz de Azuak, Africak Baetak eta Juan Carlos Etxeberriak gidatuko dute albistegi berezia 19:20ean hasita. Hauteskunde emaitzekin batera, eguneko informazio orokorra eta kirol jardunaldiko azken ordua eskainiko dituzte.

Bi mahai izango dira, eta horietako batean Igor Ahedo eta Felix Arrieta politologoek eta Ana Garbati kazetariak hartuko dute parte. Bestean, berriz, Jokin Bildarratz (EAJ), Iker Casanova (EH Bildu), Teresa Laespada (PSE-EE) eta Jesus Isasi (PP) eseriko dira.

Bestalde, ETB1en Xabier Usabiagak eta Maddalen Iriartek gidatuko dute datu esanguratsuz eta hausnarketaz osaturiko programa berezia. Eurekin batera, Pilar Kaltzada eta Gaizka Aranguren kazetariak, eta Asier Blas eta Eider Alkorta politologoak egongo dira.

Bi saioetan zuzeneko konexioak tartekatuko dira albistea dagoen leku guztietatik berri emateko: hauteslekuetatik, eta alderdien egoitzetan EAEn, Nafarroan, Madrilen eta Bartzelonan.

Radio Euskadi, Euskadi Irratia eta Radio Vitoria

Euskadi Irratian hauteskunde gaua Oihane Yustosek gidatuko du. Iluntzeko 20:00etan hasiko da saio berezia. Datuen analisia egiteko Joseba Arruti, Ainhoa Larrañaga eta Fabian Laespada izango dituzte mahaiaren bueltan. Horrez gain, Ivan Gimenez soziologo nafarrarekin arreta bereziz begiratuko dituzte Nafarroako emaitzak.

Radio Euskadin, 20:00etatik aurrera, hauteskunde gaua Dani Alvarezek gidatuko du Bilbotik eta Xabier Garcia Ramsden Iruñean egongo da, eta bere bidez arreta berezia jarriko zaie Nafarroako datuei. Mikel Irizar, Alfredo Retortillo, Jose Ramon Beloki, Juanjo Dominguez eta Joseba Santamaria egongo dira datuen analisia egiten.

EiTBko irratiek ere alderdi nagusi guztien egoitzetan izango dituzte kazetariak: EAEn, EAJ, EH Bildu, PSE, PP eta Podemos alderdien gune nagusietan egongo dira hain zuzen ere. Eta Nafarroan, UPN, EH Bildu eta Geroa Baiko egoitzetan. Madrilen alderdi nagusien egoitzetatik zuzeneko informazioa eskainiko dute irratiko berriemaileek.

Radio Vitoriak, 20:00etatik 21:00etara Radio Euskadiren saioa eskainiko du, eta 21:00etatik aurrera abiatuko da Arabako hauteskunde gauari jarraipena egingo dion saio berezia. Jesus Barredok gidatuko du eta Oscar Bañuelos, Manu Allende eta Jose Maria Ortiz de Orruño analistak izango ditu lagun datuak aztertzeko.

Arabako Foru Aldundiaren kontaketa zentrotik egingo da datuen jarraipena. Alderdien Arabako egoitza nagusietatik igaroko da gau horretan Radio Vitoriako Unitate Ibiltaria.

Hauteskunde gaua eitb.eus-en

Udal eta foru hauteskunde gauaren ertz guztiak edukiko ditu eskura eitb.eus-eko erabiltzaileak maiatzaren 24an. Izan ere, hitzordurako propio eratutako lantalde batek gauaren albiste, argazki eta bideo guztiak bilduko ditu, herri guztietako emaitzak zuzenean eskaintzeaz gain.

Kolegioak ireki eta berehala (09:00etan hasita), hauteskunde egunaren nondik norakoak jasoko ditu albisteen atariak. Dena dela, gaua urreratu ahala, lantaldea indartuko du eitb.eus-ek, hitzorduaren jarraipen estua egin ahal izateko, webgunean bertan zein Twitter eta Facebook sare sozialetan.

21:30etik aurrera iritsiko dira lehen emaitza ofizialak, eta betiko moduan, jaso ahala, herriz herri, jakinaraziko ditu eitb.eus-ek. Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) eta Nafarroako udalerri guztietako boto kontaketa zertan den jakin ahalko du, horrenbestez, erabiltzaileak.

Udalerrien bilatzaile baten bitartez, denbora errealean egongo dira kontsultagarri herriz herriko emaitzak. Horrez gain, @eitbAlbisteak Twitter kontuaren jarraitzaileek bost minuturo izan dute eguneratutako emaitzen berri.

Horrez gain, gauaren gorabehera guztien minutuz minutuko kontaketa egingo du kazetari batek 19:00etatik hasita behin betiko emaitzak izan arte.

Hitzordu elektoralak utzitako irudi eta bideoek ere aparteko lekua izango dute M24ko webgune berezian.

Behin betiko emaitzak eskuan, alderdien balorazio eta adituen analisia bilduko ditu kazetari taldeak. Maiatzaren 24ak utzitako mapa politikoa grafiko bidez jasoko du eitb.eus-ek EAEko eta Nafarroako udalerrietako, Nafarroako Foru Erkidegoko eta Estatuko emaitzekin.

Horrez gain, gau guztian zehar, hauteskundeek utzitako azken orduko titular edo lerro buruak jasoko ditu eitb.eus-ek.

Bestalde herri eta hirietako emaitza guztiak ikusgai izango dira ETBko teletextoaren 400. orrian.